NOIZ ARTE?

NOIZ ARTE?



Imajina dezagun egurrezko itsasontzi eder bat. Hain ederra den itsasontziak izenik ere mereziko du eta “Teseoren Itsasontzia” deituko diogu. Demagun orain itsasontziari egurrezko oholetako bat hondatzen zaiola, eta itsasontzi barrura urik sartzerik nahi ez dugunez, ohola zaharra kendu eta berri bat jartzen diogula. Hasiera batean ez legoke arazorik, ohola bat aldatu izanagatik, itsasontziak hasierako itsasontzi bera izaten jarraitzen duela esateko, ezta?

Ados, jarrai dezagun, bada, aurrera. Demagun orain, neguko ekaitzen eta itsasoaren harrotasuna medio, itsasontziari beste ohola batzuk hondatzen zaizkiola. Oraingoan ere ohola zaharrak kendu eta berriak jartzen dizkiogula. Demagun baita ere, denbora aurrera doala, eta itsasontzia ere berarekin eramaten duenez, ohola gehiago zahartu eta hondatzen direla. Hauen ordez ere, berri batzuk jartzen ditugula. Itsasontziak oraindik hasierako itsasontzi bera izaten jarraituko du, ala? Izan ere guk ere mozten dugu ilea noizbehinka, aldatzen zaigu azalaren kolorea udan eguzkipean egoten garenean, eta ez dugu horregatik pertsona ezberdinak garela esaten.

Ados, demagun orain, erabiltzen dena gastatuaz nola, hala joan dela gure itsasontzia ere, eta hondatu bezala xafla berriekin itsasontzia konpontzen jarraitu dugula denbora askoan poliki-poliki. Denbora hain pasa da agudo, konturatzerako Teseoren itsasontziari egurrezko ohola eta pieza guztiak aldatzera ailegatu garela. Pixkanaka pieza denak aldatu dizkiogu, guzti-guztiak. Teseoren itsasontziaz hizketan ariko al ginateke oraindik? Hau ez dago hain argi, ez? Izan ere gizakiei aurkitu ez badiegu, itsasontziei nekez aurkituko diegu arimarik edo halakorik, zer da orduan Teseoren itsasontzia izaten jarraitzen duena? Itsasontzia Teseorena dela pentsatzearen arrazoia zein da?

Baina, tira, zerbait izateko arimaren beharrik ere ez dugunez, pentsa dezagun baietz, itsasontzia, oraindik ere, hasierako itsasontzi bera dela. Teseorena alegia. Zer gertatuko litzateke, ordea, hondatuta kendutako pieza denak batzea eta konpontzea lortu eta beste itsasontzi bat eraikiko bagenu orain artean Teseoren Itsasontzia deitutakoaren alboan? Zein litzateke benetan Teseoren itsasontzia?

Batzuentzat ohola berriekin egindako itsasontzia litzateke Teseorena, besteentzat, berriz, ohola zaharrekin berreraikitakoa, eta beste asko zalantzan eta mutu gelditzen dira bi itsasontziei begira zer esan ez dakitela. Norberak ikusi beharko du zein zaion baleko erantzuna eta zergatik zaioen baleko. Abisatu dut nik hasieran pentsatzen denbora pasatzeko ariketa bat izango zela proposatuko nuena.

Baina kontua zer da: zeren arabera epaitzen dugu zer den gauza bat? Hau pertsonengan aplikatuko bagenu, noiz uzten dio batek noizbait izan dena izateari? Behin tranpa egiten duenari beti gogorarazi behar al diogu tranpa egin zuela? Zilegi al da, behin lapurreta eginagatik, pertsona hori lapurra dela esatea? Noiz uzten dio batek lapur izateari?

Erraza izaten da normalean besteei etiketak jartzea, are errazagoa oraindik etiketa negatibo bat itsastea, etengabe egiten dugu hori, ez zaigu asko kostatzen. Kostatzen zaiguna etiketa horiek batzuetan zahartu egiten direla ikustea izaten da, etiketak aldatzea ere komeni dela. Ezer ez baita betirako eta inoiz ez baikara betiko berdinak. Ez gu, ez besteak

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*