GARENA

GARENA



Nire etxeko leihotik zuhaitzak ikusten dira urrutian. Ezkerrean zuhaitz multzo bat dago, eskuinean zuhaitz andana bat baita ere. Erdian, zuhaitz bat, bakar-bakarrik. Pena ematen dit, ez duelako inor ondoan. Mugituko bagenu? Besteengana hurbilduko bagenu? Baina, nahi ote du berak hori?

Zuhaitzak ezin dira mugitu, haizeak mugitzen ez baditu behintzat. Baina haizeak pixka bat mugituta ere, ez da gauza bera, enborra ez baitugu mugitzea lortuko. Baina zoriontsuak dira. Horrelakoa baita euren bizitza, hori da errealitatea, ez dago beste aukerarik. Ez dute besterik ezagutu. Beraz, lasai daude. Eroso. Bada zuhaitzak lurretik atera eta beste ingurune batera daramanik. Eta zenbaitetan arbola egokitu egiten da leku berrira, arazorik gabe. Baina maiz, ingurune berrian hil egiten zaigu arbola.

Sugea, ez da txoriaren inbidiatan bizi, hegan egiten duelako. Sugea narras dabil, eta kontent bizi dela dirudi. Arrainak ere, ez du zaldi izatea desio, lurrean ibiltzeko. Igerian gustura dabil arraintxoa, uretatik kanpo ez bada ere. Bakoitzak bere gaitasunak ditu, eta bere bideak, bere mugak, bere aukerak.

Ipuin polit bat entzun nuen lehengo astean irratian; marraren ipuina. Eta aste osoan buruan bueltaka izan dut ipuintxoa. Ipuina bere osotasunean ez dut inon topatu, eta beraz, laburpentxo bat egingo dizuet. Baina aukera baldin baduzue, entzun ipuina, merezi du eta. Ipuinak, finean, hauxe zioen (laburpen exkaxa da nirea, baina tira). Marratxo baten ipuina da, marrak, triangelu izan nahi du egun batean, eta lortu egiten du triangelu bihurtzea. Baina ez da konformatzen honekin, eta lauki bilakatu nahi du berehala. Hau ere lortuta, borobil izatea du helburu jarraian gure protagonistak, eta ahaleginak egin ondoren, hau ere, lortu egiten du azkenean. Baina segituan izar izatea du xede, eta gure laguntxo saiatua, bere desioei jarraiki, izar bilakatzen da kemen handiz. Baina, izar delarik, marratxo izatea zein ederra zen gogoratzen du…

http://www.mugaldekoak.com/euskara/hasiera.html

Goiko link-ean sartuz gero, ipuinaren (abestiaren) lehen 30 segundoak entzuteko aukera izango duzu… eta beste hainbat kontakizunen 30 segundo. Mugaldekoak taldeak sorturiko Begiak lekuko lanean topa dezakegu ipuintxoa, poesiarekin musika egiten ausartu da taldea. Eta baita ongi egin ere! 30 segundoko gozamena, diskoa erosteko gogoa sorrarazten dizuna.

Baina tira, gaurko nire asmoa ez da poesiaren gorazarre egitea, edo musika talde honi propaganda egitea (egin badut ere). Ipuinak hona ekarri nau, eta aprobetxatu egin dut.

Beti bestelakoa izan nahi horrek kezkatzen nau. Jendeak bere burua ez maitatzea. Beti hau edo hura izan nahia. Ez al gara eder, garen bezalakoak? Garena garelako gara.

Nire etxetik ikusten den arbolak, sustraiak lurrari lotuta ditu, sendo. Gaur, ez dut bakarrik ikusten. Txoritxo bat pausatu zaio adar batean. Eta hantxe ari zaio txioka. Arbolak, irri egin dio, ikusi egin dut.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*