BIDEAN BARRENA

BIDEAN BARRENA



(iradokizuna: “let her go” – passenger, abestiarekin irakurri)

Ez dakit inoiz burutik pasa zaizuen, baina konturatzen zarete gure bizitza modu handi batean aldez aurretik markatuta dugula? Afizioak, derrigorrezko hezkuntza, lagunak, ikasketak, lana, familia, zahartzaroa… Bidetik ateratzea ez da batere erraza!

Txikiak garenetik gurasoek bideratzen dituzte gure afizioak, oso gutxitan eskaintzen zaizkigu nahikoa aukera ondoren guk hautaketa egiteko modukoa. Bizitzan akaso ezingo da dena probatu eta mugak beti egongo dira, baina zein ederra litzatekeen bakoitzak txikitatik bere aukeraketa egin ahal izango balu? Margolaritza, dantza, musika, kirola, irakurketa, idazketa eta beste hainbat eta hainbat afizio posible.
Baina oso ohikoa da aurretik aipatu bezala, lehenik gurasoen nahien arabera haurrak afizio zehatz batzuetan heztea eta ondoren lagun edota inguruko afizioen arabera norberaren gustuak finkatzen joatea. Ez al da politena gure (gurasoen) txikitako nahiak alde batera utzi eta gure haurrei ahalik eta eskaintza zabalena ematea? Eta behin hori egiten dugula eta haurrak aukeraketa egin duela, guraso bezala ahalik eta babes handiena ematea?

Derrigorrezko hezkuntzak hausnarketarako leku asko uzten du. Irakasgai batzuk derrigorrezkoak dira, batzuk hautazkoak eta beste gai batzuk lantzeko aukerarik ez dago. Urteak pasa ahala garapen libreko hezkuntza, sormenerako tartea… alde batera uzten da eta markatutako bidetik eramaten gaituzte. Horren aurrean zer egin? Derrigorrezko hezkuntza sistematik atera, eta aukera izanez gero, zure haurrari egokia iruditzen zaizun hezkuntza eman? Erabat zaila da hori, ez ezinezkoa baina taldetik ateratzea gizarteratzetik at uzten gaitu, eta horrek bide zail batetik eraman gaitzake bizitzan zehar.

Behin bigarren hezkuntza amaitzen dugula (bukatuz gero) hautaketa zail bat datorkigu gainera, ikasten jarraitu ala ez, eta ikasketekin jarraitzekotan, unibertsitatera joan, ziklo bat egin… Aukera desberdinak bai, baina txikitatik ohikoa izaten da, unibertsitatean karrera egitea zein garrantzitsua den entzutea, eta hori nahi gabe bada ere gure buruan pixkanaka sartzen doan ideia bat da. Egia da ere gizartean antolatuta gauden bezala curriculum bat osatzera bideratzen gaituztela eta ez dela erraza hortik kanpo egoera egonkor batean kokatzea. Honi lotuta gogoan dut nola behin Donostiara ikastera etorritako suitzar bat ezagutu nuen. Gaztea zen, 18-19 urte zituen eta ikastera etorri zen bai, baina ez karrera bat ikastera. Oraindik ez zuen argi zer ikasi nahi zuen edo zer egin nahi zuen bere bizitzarekin eta Donostiara etorri zen etxetik kanpo urte beteko esperientzia bizitzera eta gaztelera ikastera. Hau guztia bere gurasoen bultzadarekin, eta hori sekulako bizipena zela iruditu zitzaidan etorkizunean zer egin argi ez zuen bitartean.

Azken finean oro har 18-19 urte bitarte horretan hasten gara heldutasun puntu bat garatzen (batzuk lehenago, beste batzuk beranduago), eta justu hasiera horretan gure etorkizunaren nondik norakoa erabakitzea batzuetan arriskutsua dela iruditzen zait.

Ondoren lana dator, behin ikasketak amaitu edo utzi dituzula lanaren mundu gogorra (edo ederra) dator. Hemen zure aurreko erabakiak asko baldintza zaitzake (hainbeste ezen zure bizitza osoa lan batean pasa dezakezun, eta hori lana lortzeko aukera baduzu noski). Azkenean lana dutenak bi taldetan bereiz ditzakegu, bizitzeko lan egiten dutenak eta lan egiteko bizi direnak. Badira zorioneko gutxi batzuk beraien afizio lan bilakatzeko aukera izan eta hortaz bizi ahal izan dutenak, baina ohikoena gure ogibidea afizioetatik desberdina izatea da. Lana izanez gero bizitza erdia pasako dugu lanean, eta hori hasieratik jakinda, ez al litzateke onena txikitatik gure bizitza erdia nondik bideratuko dugun hausnartu eta garatzea? Gero baldintza desberdinek bide batetik edo bestetik eraman gaitzakete, baina ez dadila izan saiakera egin ez dugulako.

Bidetik jarraituz, familia dator, adin batetik aurrera familia osatzea da “normaltzat” jotzen dena. Badira amatasun eta aitatasun sena sentitzen dutenak noski, eta gehiengoa direla pentsatzen dut, baina era batera edo bestera gure bidea horretan ere markatuta dagoela uste dut. Zorionez sen hori animaliak ginenetik mantentzen da eta horrela izan dadila betirako, baina zure bidea beste bat bada goza ezazu zure erara.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*