SORMENAREKIN ZORRETAN

SORMENAREKIN ZORRETAN



Azken boladan behin eta berriro azaleratzen den gaiarekin natorkizue oraingoan. Ez omen gara sortzaileak, sormena pertsonok jaiotzez berezkoa dugula baina sormen gaitasuna kamustua dugula, pertsonen sormen gaitasuna piztu beharra dagoela,… Eta bai, egia izan daitekeen arren, ez gaitezke horretan geratu, eta beste hainbatetan bezala errudunak kanpoan bilatu. Jaso dugun heziketa alienatzailea, bizi izan ditugun parte hartzerako gune eta une eskasak, eredu uniformatzaileak, besteren artean aipatzeak adostasun batera garamatza. Baditugu berdugoak eta gu gara biktimak.Ados. Baina aldi berean, baieztapen horiek zurikeri hutsean bilakatzen direla adierazi nahi dut baldin eta errealitate hori irauli ahal izateko borondatea agertzen ez bada. Eta errealitatea modu desberdinetara iraulia izan daitekeen arren, nik oraingoan norberarengan piztu beharreko jarrera sortzailea ezinbestekoaz arituko naiz. Jarrerak. Ohitura berriak. Kopiatu eta itsatsi funtzioak alde batera utzi. Zertzelada batzuk.

– Betikoa eginez, betikoa lortuko duzu. Ekintza desberdinek emaitza desberdinak ahalbideratuko dizkizute.
– Errealitatea begiratzeko lenteak aldatu, noiznahi. Etengabe. Errealitate berdina betaurreko berriz begiratu. Erpin desberdinetatik eta norabide desberdinerantz.
-Buruak ez du beti arrazoi. Sentipenei tokia utzi. Entzun zer dioten. Eta ondoren, buruak diozunarekin nahastu. Elikatu.
– Saia zaitez desberdina izaten. Irten korronteak edo inertziak eramaten zaituen tokitik.
– Kaosa antolatu. Inprobisatu. Ez eduki dena lotua. Enkorsetaturik. Arriskatu.
– Lortu nahi duzun helburua ez galdu inoiz ere begi bistatik. Utzi beste une baterako nola egingo dituzun gauzak.
– Zer zaren adieraztea baino garrantzitsuagoa da zer izan nahi duzun esatea. Zerekin egiten duzun amets. Zerk eragiten dizun ilusioa.
– Ilusioek eta ametsek etorkizuneko errealitatea irudikatzen dute, eta ariketa hori egin gabe nekez bihur daitezke errealitatean.

Beraz, kontuan hartu sormenarekin zorretan baino gure buruarekin gaudela agian, errealitate anitzen aurrean jarrera desberdin batez baliatuz agian ez baitiogu beste inori aurpegiratu beharko eta gure sormen gaitasun urria. Urria baldin bada. Eta bestela, bejondeizula.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*