ZER DA NESKA ALA MUTILA?

ZER DA NESKA ALA MUTILA?



Hauxe entzun dut nire lehengusuak familian bere haurdunaldiaren berri eman duenean. Galdera ohikoa iruditu zait, ia ohartu gabe egiten dugun horietakoa, eta gure poza neska dela esan duenean:

– Soinekotxo politak janzteko, ze ondo!
– Ai, seguru zure berdin berdina izango dela!
– Eta pentsatu duzu izena?
– Bai, Amets!- nire lehengusuak
– Ez, hori ezin diozu jarri, mutilen izena da!

Mutilen izena da, orain. Duela urte batzuk Euskaltzaindiak izen bakoitzak zein sexutarako izango zen arautu zuen, beraz iada ezin diogu neska bati Amets, Odei, nahiz Ioritz izena jarri; ezta Lur edo Amaiur mutiko bati ere. Izenek beharrezko informazioa eman behar omen dute, sexuari buruzko informazioa.

Eta haur intersexual baten kasuan? Egongo litzateke izen berezirik?
Batzuetan iruditzen zait obsesio moduko bat daukagula pertsonen sexuarekin. Zergatik jakin behar dugu pertsona bat ezagutu aurretik neska edo mutila den? Hain da garrantzitsua hori guretzat?

Zer gertatzen zaigu, pertsona bat ezagutu eta ez dugunean nabaritzen neska edo mutila ote den? Hau sarritan gertatzen da haurrekin, eta eginahalak egiten ditugu gurasoek gure zalantza hori deskubritu gabe haurraren sexua zein den jakin ahal izateko.
Haur hau neska edo mutila izan emango diogun tratua desberdina izango baita ziur aski, bestela ez genuke behar hori izango.

Hainbat ikerketa burutu dira identitate sexual, haurren rol eta genero estereotipoen eraikitze psikologikoan helduen espektatibek duten garrantziaren inguruan. Horietako adibide bat Massachussets-eko Psikologiako Unibertsitatean gauzatu zena dugu. Lehen haurra izan zuten hainbat familia hartu ziren ikerketarako subjektu, haur jaioberri hauen amek haurra besoetan izan zuten aldi batez eta aitek beren haurrak kristalaz bestalde ikusi zuten, gainera ikerketarako hautatu ziren haurren neurri eta pisuak bataz beste berdintsuak ziren.

Gurasoei beren haurra neska zela esaten zitzaienean, “polita”, “ederra”, “goxoa”, “hazpegi finduna”, “txikia”… bezalako hitzak erabiltzen zituzten beren haurrari buruz ari zirenean. Mutila zela esatean berriz, “handia”, “hazpegi markatuekin”, “sendoa”, “koordinazio hobearekin”, “argia” eta “indartsua” ziren erabiltzen zituztenak.

Gure genero sistemak haurra amaren sabelean dagoenetik hasi eta hil arte izango du eragina pertsonengan. Espektatibak sortzen ditugu jaioko den haurrari buruz, izena pentsatzen dugu, berarentzat arropa erosten dugu, gela margotzen diogu… eta gauza bat ahazten zaigu: neska edo mutil izatearen aurretik, guztiok pertsonak garela, beraz gauza guzti horiek neska edo mutilarentzat egin beharrean egin ditzagun jaioko den pertsona horrentzat.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*