JOLASA GAUZA SERIOA DA

JOLASA GAUZA SERIOA DA



Askotan entzun izan ditugu jolasa gauza serioa dela, haurrak beharrezkoa duela eta antzekoak. Entzun orduko guztiok eztabaidatu gabe ados gaudela adierazten dugu, hitzez edo buruarekin, inoiz gauza horietan pentsatzen jarri ez garen arren. Haurrak jolasa berea omen du, hori esaten dute adituek, baina haurrak jolasteko denborarik, tarterik izaten al du? Zergatik den hain garrantzitsua guztiok jakingo bagenu, akaso haur gehiago ikusiko genituzke kalean jolasten, helduren batek nabarmenki enbarazu egiten diotela adierazten duen bitartean. Bai jolastea beharrezkoa delako, baina horretarako leku egokiak ere ba ote ditugun pentsatzen ere ez gara jarri.

Geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio jolasari, sarri entzuten dugu, hedabideetan, kalean, eskoletan zein garrantzitsua den haurrarentzat jolastea, baina zergatik? Haurra jaiotzen den momentutik, bere gorputza pausu batzuk emateko programatua dago. Pausu horiek jolasaren bitartez emango ditu, adibidez gorputz atalak ezagutu, lurrean etzanda bueltak eman, lau hanketan ibiltzen hasi eta azkenik zutitu. Behin haurra zutik dagoela, gauzak hartu, distantziak kalkulatu, saltoak egin… guzti hori jolasa eta esperimentazioaren bitartez bereganatuko ditu. Guztia helburu batekin egiten da, helburu zehatz bat lortzeko asmoz, hau da bere garapenean aurrera egiteko asmoz, gauza guzti horiek haurrarentzat aurrerapauso handiak baitira. Jolasaren bitartez haurrak bere gorputza ezagutzen du, bere nortasuna garatzen du, sozializatu egiten da, imajinazioa landu… Jolasean, taldeka nahiz bakarrik, haurrak gauza berriak lortzen ditu eta hauek lortzean bere auto-estimua ere hobetu egiten da. Haurrak jolasean besteekin nola komunikatu ikasten du, gauzak gaizki ateraz gero berriz saiatzen, adiskideekin erlazionatzen.

Azken finean jolasaren bitartez, eraikiko du haurrak bere nortasuna, jendearekin komunikatzeko modua, bere gorputza, jarrerak… Jolasak eraikitzen du neurri handi batean etorkizunean izango den pertsona, hortik jolasaren garrantzia. Hortik jolasaren beharrezkotasuna. Hortik jolasaren onura.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*