ORDENATZEKO OBSESIOA edo INKLUSIOA ILUSIOA

ORDENATZEKO OBSESIOA edo INKLUSIOA ILUSIOA

4

Udaberria bere alderik koloretsuenak eskaintzen etorri zaigun honetan, zeharo edertu dituzte bazterrak berarekin etorritako loreek. Hain da ederra negu hotz eta ilunaren ostean bide bazterretan San Jose lore hori ederrak sumatzea edota margarita zuri txikiak zelaietan ikustea, ezinbesteko ere egiten dela ia lurretik sorta bat hartu eta norbaiti oparitu nahi izatea edo etxera eramateko tentazioa edukitzea. Izan ere hain dira eder eta freskoak lore atera berriak, etxerako modukoak direla.

Etxerako modukoak. Gure europartasun kulturaren izaerari jarraiki, onak baino ezin du izan etxerako, noski. Europarron kulturan nahiko berezkoa omen da geroz eta hobeagoa, perfektuagoa eta puruagoa bilatzeko joera, txarra alde batera utzita, nola ez. Ona deritzoguna gure egin nahi izaten dugu, baina hori ez da okerrena, okerrena da txarra deritzoguna bazterrean uzten dugula, inoiz hauek denborak edo lurrak irenstea axolako ez balitzaigu bezala.

Gainontzeko herrietara bidaian joan eta bertako kulturak ezagutzea biziki gustatzen zaigu, sekulako xarma du herri desberdinetako jaki berriak probatzeak, hango kaleetako usain exotikoak aditzeak, baina ederto daude haiek haien kulturan eta gu gurean. Bakoitza dagokion lekuan, hangoak han eta hemengoak hemen. Hain gara ordenatuak

Urrutikoa edo desberdina gurera ekartzea posiblea da, baina beti ere guk hala erabakita, guk ona dela eta komeni zaigula ikusi ostean, alegia. Desberdina gurera eta guk eskatu gabe ate joka etortzen zaigunean, aldiz, orduan hasten dira arazoak. Nekeza egiten zaigu europartasun ordenatuaren izaerari traizio egitea. Kolore eta material ezberdineko piezekin egindako puzzleak ez gaitu konbentzitzen.

Zerk bultzatzen gaitu, ordea, besteak kanpoan uztera? (Eta orain ez naiz herrialde ezberdinetako jendeaz bakarrik ari, gauza bera egiten baitugu gure artean ere.) Zerk behartzen gaitu guztiari etiketak jartzera? Zerk behartzen gaitu txartzat daukaguna desberdin ikustera eta ona, aldiz, berdin? Hain ontzat al daukagu, ba, gure burua onenarekin bakarrik identifikatuak sentitzeko?

Benetan desberdinak garela pentsatzen dugulako dugu, nik uste, ordenatzeko behar hori, diren gauza guztiak puntu batean berdinak direla eta diren gauza guztiak puntu batean desberdinak direla ahaztuta.

Oroitu dezagun momentu batez zein gustura sentitzen garen talde bateko kide sentitzen garenean, zein atsegina den zaren bezala onartua izatea, ulertzen zaituen jenderik badela pentsatuta, arnasa lasai hartzea. Gizakiari talde batean inkluitua sentitzeko beharra, joera naturala zaio, esentziala ia. Baina ez Europako gizaki eredurik perfektuenari bakarrik, gainontzeko edozein bazterretako gizakiari naturala zaio joera, sentimendu hori. Honetaz jakitun izanik, zail egiten zait ulertzen zergatik den, oraindik, orduan ordenatzea gure obsesioa eta ez inklusioa gure ilusioa.

Inklusioa ez da behar bereziak dituztenentzat bakarrik mesedegarri, ahaztu egiten zaigu talde guztiarentzat dela mesedegarri inklusioa eta ez garela gure buruari baino mesede egiten ari berau bilatzen dugunean. Desberdinari esker lortzen dugu, adibidez, gure europar izaeraren alderdi obsesibo-negatibo honetaz kontziente izatea. Desberdinari esker ikasten dugu gaixotzerainoko joera izan daitekeela etxean onena baino hartu nahi ez izatea, zoratzeko modukoa dela ezinezko den purutasunaren eta garbitasunaren bila itsutzea. Desberdinari esker ikusten dugu arriskutsu bihur litekeela ordenatzeko obsesioa.

Inklusioaren onena ez da behar desberdineko jendeari eskaintzen diola gizarteko kide izateko aukera, alderantziz: Inklusioaren ederrena da gizarteari eskaintzen diola behar desberdinetako jendearekin egoteko aukera.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*