HAURMINA

HAURMINA

2013-05-20 17 40 28

Senda, senda mina… Haiek bai garai politak, kalean jolasean, jostailuen beharrik gabe, gurasoen begiradatik urrun, aske. Horrela gogoratzen dugu gure haurtzaroa. Goitibeherak eraikitzen genituen eta aldapa arriskutsuetan goitik behera ausartzen ginen. Kanikekin jolasten ginen lohiz betetako zelaietan. Gomarekin eta sokarekin orduak igarotzen genituen saltoka. Tabernetan txapak eskatzen genituen txirrindulari lasterketak irudikatzeko. Esku-jolasen abestiak etengabe errepikatzen genituen. Eskuz margotutako zibarekin trebeak ginen.

Orain halako jolasak eta jostailuak wathsapp-en gogoratzen ditugu bideo nostalgikoen bidez: Scalextric, Nancy, Barriguitas, Tente… Lagunek bideoak bidaltzen dizkigute eta bertan agertzen diren kontuak emozioz ikusten ditugu: “Ni ere txorro-morro-piko-tailo-ken jolasten nintzen! ”, “Nik ere Mazinger-Z ikusten nuen telebistan!”. Haurtzaroaren nostalgia herrimina bezalakoa da: gauza onak gogoratzen ditugu garai edo toki horretako oroitzapen itsusi edo sufrimendua alboratuz. Herritik kanpo dagoenak itzultzearekin amets egiten du edo, gutxienez, noizbehinka sorterrian egon nahi du. Baina denbora igaro ahala gogoratzen duen sorterria aldatuz doa eta, askotan, zaila egiten zaio errekonozitzea. Haurmina ere antzekoa da, sentsazio horietara itzuli nahi dugu baina, era berean, gure oroimeneko haurtzaroak eta orain ikusten dugunak antza handirik ez dute; edo hala iruditzen zaigu, behintzat.

Bitartean, gure seme-alabekin jolas parkeetara joaten gara beste erremediorik ez dugulako. Parkean aspertzen gara, igarotzen dugun tarte hori egunerokoan pasa beharreko denbora delako. Parkeak jolasteko tokiak dira baina haurrek soilik jolasteko, gainontzekoek begira egon behar dute. Gure herri eta auzo guztietan oso jolas-parke ederrak sortu ditugu baina toki horietatik kanpo ez dago jolasteko lekurik; segurtasunaren aitzakian jolasteko tokiak murriztu baitugu. Lorategiek, plazek eta karrikek denontzako aisialdi espazioak izan beharko lukete. Kalea jolasteko «espazio naturala» da eta adin guztietako pertsonak nahasteko eta disfrutatzeko toki bihurtu beharko genuke.

Haurtzarora itzultzea ezinezkoa da baina orduko bizipenak egunerokoan bizi ditzakegu: dantzan, abestuz, bizikletan ibiliz, itsasoan, jolasean… Helduek ere, egunero jolasteko tartetxo bat hartu dezakegu: une batez lanak, estresak eta kezkak aparkatu eta “jolas sentsazioak” gogoratzeko eta berriz bizitzeko tartea. Ziur aski, erlaxatzeko terapia hoberik ez dugu aurkituko.

Senda, senda, miriku oilo kaka xiriku

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*