JAKINMIN SEXUALA

JAKINMIN SEXUALA

ninos-preguntas-3

Haurrez inguraturik ibiltzen garen hezitzaile, guraso eta pertsona orok ziurtatu ahal izan dugu 3 urte ingurutik aurrera beraien jakin-mina handitzen dela, baita urduri jarri ere beraien jakin-mina asetzeko egiten dizkiguten galdera sorta horri nola erantzun ez dakigulako ere. Normalean, are eta urduriago jartzen gara egiten dizkiguten galdera edo iradokizun horiek sexualitatearekin lotuta badaude eta gure barnean desira edota erotismoa piztu dezaketenean.

6 urteko neskato batek “zure alua ikus dezaket?” galdetzen dio bere begiraleari eta bere kirioak saltoka hasten dira, gaizki sentitzen da eta momentu horretan korrika alde egin nahiko luke. Hau horrela gertatzen bada, lehenbizi nola sentitzen den azaltzea komenigarria litzateke, haurrari azalduz ez dela berarentzat momentu eroso bat izaten ari; baina hala ere erantzuna izango duela, dakien eta ahal duen neurrian. Erantzunak zintzotasunez eman behar dira, modu sinple eta motzean azalpen abstraktu eta mamitsurik gabe. Gauza bakoitzari bere izenez deitu behar zaio, haurrek badakitelako sexualitatearekin erlazionatuta dauden hainbat gauza tabuak direla, jendartean ez delako honi buruz hitz egiten eta “zerako zera” bezalako hitzak erabiltzen baditugu tabu hori errefortzatuko dugu.

Hezitzaile askoren joera izaten da erantzuna bideratzearena: “esan zure amatxori erakusteko”. Hau egiten badugu, nahiz eta guk pentsatu haurrak ez duela gure urduritasuna nabaritu, segituan ohartuko da berak egindako galderari ez diogula nahi erantzun, eta haurraren jakin-mina blokeatuko dugu.

Haurrekin gabiltzan orok, jakin behar dugu, beren ezaugarri berezkoa den jakin-min hau haurren ikasketarako altxor bat dela, euren interesetatik abiatuz ikasteko eta euren ikaskuntza ibilbide propioa egiteko tresna bat baita. Interes hori erabiltzen eta ahalik eta zuku gehien ateratzen ikasi behar dugu, pertsona osoak eta askeak izan daitezen, etorkizuneko jendarte justuago bat eraiki dezaten.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*