Txantxariak Telebistaren denboraldi berria!

TXANTXARIAK TELEBISTA, astebururo saio berri bat!

Urtxintxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzaren ondorioz, 3-8 urte bitarteko haurrentzako telebista saioaren kapitulu berriak sortu ditugu, haurrentzat euskarazko eskaintza zabaltzeko asmoz. Saioek, entretenimenduaren bidez, hainbat balore positibo transmititu nahi dituzte.

Azken honetatik aurrera Txantxariak Telebista saioaren hirugarren denboraldia ikusteko aukera izango dugu gure atarian eta baita Hamaika Telebista, NTB11, Oizmendi, Xaloa, GITB, Goiena eta Erlo tokiko telebistetan ere. Txantxariak Telebista, 3-8 urtera bitarteko neska-mutilengan pentsatuz sortutako euskarazko saioak dira, eta eduki pedagogiko, hezitzaile eta jolasgarrietan osatuta daude.

2013.urtean, Urtxintxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzan oinarrituta, Txantxariak telebista saioaren lehen kapituluak sortu ziren. Kapitulu horiek izandako harrera ona ikusita, lankidetzari berriz heltzea adostu eta dagoeneko bi denboraldi gehiago osatzeko aukera izan dugu. Hori gutxi balitz, aurreratu dezakegu laugarren Txantxariak Telebista sorta ere bidean dela.

Hirugarren denboraldiko saio berri hauetan jolasak, eskulanak, haurren egunerokoan oinarritutako bizipenak (haserrea, nekea, ardurak, kezkak…), proiektu interesgarri batzuen ezagutza, haurren kontakizunak eta irratsaiok ikusi ahal izango dira, besteak beste. Horietan guztietan, oraingoan bi atal bereizgarri dira: Bata, ”Haurrak protagonista” atala eta bestea, irratsaioena. “Haurrak protagonista” atalean, Amezketako eta Aramaioko haurrak izan dira protagonista eta gaur primizian haur horiek elkarlanean sortutakoaren emaitzaz gozatuko dute lehen aldiz. Bestetik, denboraldi honetako berrikuntza nagusia irratsaioena izan da. Irratsaio horietan, guraso zein haurren deiak jaso eta bidelagun egiteko hainbat aholku ematen ibili gara.

30 minutu inguruko 10 kapitulu berri grabatu dira hirugarren denboraldi honetarako. Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak saioaren hurbiltasuna nabarmendu du. ”Euskararen ikuspegitik, ikus entzunezkoen esparruan hurbiltasuna baliatu behar da, ikusleak bere burua eta bere ingurua ikusi behar ditu pantailan, horrek harrapatuko du. Txantxariak telebista saioan haurrak dira hartzaile nagusiak, eta haur horietxek bihurtzen ditu saioak protagonista. Horrez gain, balioak ere modu bikainean lantzen dira. Oso gustura gaude lankidetza honekin”.

Jolasaren garrantzia ezagutzera eman nahi du Txantxariak Telebistak. Horrez gain, euskarazko jolasak eta abestiak zabaldu nahi ditu. Kaleak gizarteratzeko gune garrantzitsua direla ere nabarmendu nahi du saioak. Txantxariak Telebistak hainbat balio sustatu nahi ditu, besteak beste hauexek: berdinen eta desberdinen arteko harremanen oparotasuna, norbanakoaren errespetua, egunerokotasunaren plazerraren bizipena… Egitasmoan, nagusiki, Urtxintxako hezitzaile lan-taldeak hartu du parte, baina Ner Groupen babesa ere jaso du, haien ideia eta misioekin bat egiten baitu.

Pasa den ostiraletik aurrera, www.txantxariak.com web atarian astez aste saio berri bat eskegi eta haurrek saio berriaz gozatzeko aukera izango dute. Saio berrien irrikitan zaude, ezta? Aurrera Txantxariak Telebista!!