FamiliaOla Mugimendu eta Algara Jolasen tailerra!

20 familiatik gora elkartu ginen pasa den otsailaren 17 eta 24an Eguzkitza ikastetxeko gimnasioan. Elkarrekin igarotako bi arratsaldeetan, mugimendua hartu genuen jolaserako oinarri; hartara, familiarteko loturak sendotzeaz gain, belarrira kontutxo goxoak esan, elkarri kilimak egin, gorputzeko atal ezberdinak mugitu eta gorputzeko energia guztia askatu genituen. Mugimendu saioen ondoren, algara lantzeko unea iritsi zen. Txantxa jolasen eta Barreterapia ariketen bitartez, arratsalde gozoa, atsegina eta alaia bizi izan genuen denok elkarrekin.

Familia guztiek euskaraz aritzeko egindako esfortzua ere izugarri ona izan da. Euskarari beren etxeetan sarbidea ematen ari diren familiek esfortzu handiz elkarrizketa guztiak euskaraz egin dituzte eta euskaraz bizitzeko ohitura duten familiek ederki eutsi diote ohiturari. Bejondeizuela denoi! FamiliaOla egitasmoaren helburua guztion artean betetzen ari gara eta!

Amaieran, pena handiz esan genion maiatzerarte elkarri, baina maiatzeko tailerretan elkar ikusiko dugulakoan agurtu ginen. Era berean, gonbita egiten dizuegu, hurrengo tailerretan parte hartzeko orain arte animatu ez zareten familiei! Badakizue, apirila erdialdera, adi egon zaitezte, eskaintza berria zabalduko dugu eta.