Udako jarduna Urtxintxan

UDAKO JARDUNA URTXINTXAN

Uda hurbildu zaigu eta Urtxintxan buru-belarri gabiltza datozkigun eginkizun guztiak prestatzen. Gure jarduna, udan batez ere, begirale ikastaroan eta udalekuetan zentratzen da. Nahiz eta hurrengo ikasturteko egitekoen antolaketa, prestaketa eta kudeaketa ere egin behar izaten ditugun.

Uztaila-abuztuan, formazio esparruan aisialdiko begirale izateko prestaketarako ikastaro trinkoa da gure eskaintzarik nagusiena. 18 urte bete edo betetzear diren gazteek udalekuetan lan egiteko beharrezko dituzten ezagutza, balio eta irizpideak jasotzen dituzten ikastaro honetan, ondorengo urteetan udalekuetan haurrekin behar bezala lan egin ahal izateko oinarrizko izaten direnak. Ekainaren 20an hasi eta uztailaren 28a bitarteko ikastaro trinkoan 30 bat gaztek hartuko dute parte aurtengoan.

Udalekuei dagokionean, aurten ere hainbat tokitako udaleku ireki zein itxiak kudeatuko ditu Urtxintxak. Udaleku irekietan Urnietan, Pasaian, Villabonan, Anoetan eta Irunen izango gara lanean, adibidez. Itxietan, berriz, Barrian eta Pasaian arituko gara. Azken hau gure udaleku propioa da: Piraten Udalekuak 2016.

Aspaldi honetan, Piraten etxean haur, begirale eta lankideok uda ahaztezinak pasa izan ditugu elkarrekin eta horren adierazlea da urtez urteko izen-ematearen gorakada. 2014ko udan, 160 haur izan genituen Pirata Udalekuetan, 2015ean 230, eta, aurtengo udarako dagoeneko 260 haurretik gora eman dute izena.

Piratetan ekainaren 27an hasi eta abuztuaren 13a bitarte astebeteko egonaldiak izango dira. Seina egun horietan piraten altxor preziatuaren bila ibiliko gara, Kantauri itsasoan nabigatuko dugu, euskal piraten ibilbide zoragarriak ezagutuko ditugu, itsas kirolak praktikatuko ditugu, hondartza eta igerilekura joango gara…. Euskal Herriko 6-12 urte bitarteko haur abenturazaleekin egun eta gau zirraragarriak bizitzeko prest!

Honek guztiak, udan Urtxintxako lan taldea handitzea dakar. Begirale, zuzendari eta koordinatzaile lanak egiteko hainbat pertsona gehiagoren kontratazioa egingo dugu. Hainbat eta hainbat gazteei udan lan egiteko aukera eskainiz eta batzuei lan mundura hurbiltzeko lehen aukera emanez.

Beraz, urtez urteko gorakadari eutsiko dio aurtengoan ere Urtxintxak eta bide batez, gure lan egiteko modua hedatu eta erronka berriei erantzunez igaroko dugu uda Urtxintxan. Euskal Herriko hainbat txokotako haurrei, Urtxintxaren izatean errotutako balio hezitzaileetan oinarritutako aisialdi dibertigarria eskainiz.