EUSKARALDIA: 11 egun euskaraz

EUSKARALDIA: 11 egun euskaraz

EUSKARALDIA: 11 egun euskaraz

Udazkenean ikasturte berriarekin batera Euskaraldian murgilduko dira Euskal Herriko hainbat eta hainbat herri. Izan ere, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketa soziala prestatzen dabiltza buru belarri herrietako batzordeak, baina irailetik aurrera izango dute lan gehien herritarrak aktibatu eta hauen izen emateak kudeatzen.

Euskaraldia, Euskal Herri mailan egingo den ariketa sozial bat da. Bertan, 11 egunez parte hartzaileei konpromiso pertsonal bat eskatuko zaie eta parte hartzeko bi aukera izango ditugu. Hizkuntza hautua kontzienteki egitea bilatzen da eta ondorioz hizkuntza ohitura batzuk aldatzeko bidea irekitzea.

Ahobizi bezala izena ematen duenak, 11 egun horietan ahal duen guztietan euskaraz egiteko konpromisoa hartuko du. Ez da ariketa erraza izango, baina ahaleginak mereziko du. Ahobiziek, lehen hitza beti euskaraz egingo dute eta parean duenak nahiz eta euskaraz ez egin, ulertzen badu, elkarrizketan euskaraz egiteko ahalegina egingo du.

Belarriprestek ere, ahal badute lehen hitza euskaraz egin dezakete. Kasu honetan, Belarripresten papera oso garrantzitsua izango da, ahobiziei beraiekin euskaraz hitz egiteko eskatuko baitie. Nahiz eta beraiek euskaraz egiteko konpromisoa ez hartu, euskaraz hitz egin nahi duen orori beraiekin euskaraz hitz egiteko adierazi die, honela elkarrizketa elebidunak ahalbidetuz.

11 egun horietan, euskararen erabilerari bultzada bat ematea bilatu nahi da eta ariketa hau eginez, Euskal Herriko jendartea euskaraz hitz egiteko uste baino aukera, une eta gune gehiago dituztela ohartarazi nahi da.

Urtxintxa ere sustatzaile moduan dago Euskaraldian. Gure lanaren zati oso garrantzitsua euskararen normalizaziora dago bideratua eta beraz oso aberasgarria eta interesgarri iruditzen zaigu datozen hilabeteetan euskaldunok izango dugun erronka. Horregatik, gure egitasmoetan Euskaraldia txertatzeaz gain, batzordeetan dauden herritarrei formazioa eskainiko diegu beste sustatzaile batzuekin batera. Eta nola ez, Urtxintxako kideok ere, Euskaraldian parte hartuko dugu, izan Ahobizi edo Belarriprest gure aletxoa jarriaz.