Begirale Ikastaroetan esperientziak partekatzen ibili gara

Hilabete honetan iazko ikasturtean Begirale Ikastaroan parte hartu zuten ikasleek memoriak aurkeztu dizkigute. Memoria tresna garrantzitsua da praktiken hausnarketa eginarazteko. Memoriak aurkezteaz gain, ikasleek izan dituzten esperientziak konpartitzeko tartea ere izan dugu, elkarren esperientziak entzun eta hainbat egitasmoen erreferentziak jaso ditugu horrela. Urtxintxako kideok, urtero egiten dugun moduan, asko gozatu dugu ikasleek izan dituzten bizipenak ezagutzen. Baina, ederrena, batez ere, pertsona zein hezitzaile moduan izan duten garapenaz konturatzea da.

Pozgarria da halaber, gure egitasmoetan praktikak egin dituztenek hain oinarrizkoa iruditzen zaigun koherentzia maila barneratu dutela ikustea, ez baita lan erraza teoriak esaten duena egitasmoetan praktikan jartzea eta hor baitago gure lanaren koska. Beraz, primerakoa aurten ere esperientziak partekatzeko udazkeneko hilabete hau!