IPUIN IKASTAROA

ZERTAN DATZA?

BasoakBaduSekretuBat_inp

Ipuinak mundua azaltzeko eta ulertzeko erabiltzen ditugu, baita sentimenduak interpretatzeko, esperientziak azaltzeko eta gizartea kritikatzeko ere. Haurraren garapen-prozesuan, aukeraz beteriko “kutxa” da ipuina; izan ere, irudimena eta fantasia garatzeko, eta gozamena eta sentikortasuna sendotzeko, aberasteko eta indartzeko aukera ematen dio haurrari. Ipuinen bidez, errealitatearen eta ametsen arteko oreka lortu eta bere munduari aurre egiten dio haurrak. Beraz, haurtzaroan ipuinak guztiz funtsezkoak dira, eta garrantzi handia dute bai garapen linguistikoari begira, bai garapen afektibo-emozionalari begira ere.

NORI ZUZENDUA:

  1. Gurasoei: haur txikiari bere lehen urteetan ipuin bat kontatzen diogunean, komunikazio afektibo bat sortzen da bera eta bere helduaren artean. Gertakizun hau erabakigarria da lotura afektibo bat finkatzeko. Lehenengo urteetan komunikazio hau zentzumenen bidez ematen da (hitza, ukimena, begirada, keinua, …) eta ibilbide horretan, gurasoak faktore eraginkorrenetarikoak dira -edo eraginkorrenak- haurraren garapen intelektuala, emozionala, soziala eta, aldi berean, hizkuntzarena estimulatzeko.
  2. Hezitzaileei: izan ere, haurren adin aurrera doan heinean, irakurketa eta idazketaren ikas-prozesuarekin batera bertze bide bat zabaltzen da komunikazioan. Komunikazio prozesu berri horretan hezitzaileak ipuinak modu egokian baliatzen baldin badaki (zein, nola, zergatik eta zertarako), haurren garapen intelektuala ez ezik, emozionala, soziala eta linguistikoa garatzen lagunduko diogu.

ORIGINALTASUNA ETA BERRITASUNA

Izan ere, lehenbiziko hilabete eta urteetan, errealitatearekin harremanak izateko, haurrak dituen komunikatzeko tresna nagusiak zentzumenak, mugimendua, erritmoa eta josteta dira, batez ere. Tresna horiek aurkitzen ditu irakurketaren eta kontaketen bidez heltzen zaizkion istorio txikietan, errimetan eta jolas erritmikoetan, nagusiek beren istorio txikiekin ematen dizkion irakurketetan.

Sarritan ipuina kontatzeari berari ez diogu behar adina garrantzirik ematen: edozein ipuin hautatzen dugu; bat-batean eta aldez aurretik deus prestatu gabe, gure seme-alaba edota haurrentzat egokia den kontuan hartu gabe, ahozkotasunari eta gorputz-adierazpenari erreparatu gabe… Eta gozatzeko jarduera izan beharrean, jarduera aspergarria eta zentzugabekoa izaten da anitzetan.

KALITATEA

Egungo gizartean ahozko komunikazioak ukatu ezineko lehentasuna eta tokia du; izan ere, egun, hizkuntza mintzatua menderatzeak erabateko garrantzia du hainbat esparrutan, hala nola: lan munduan, gizarte harremanetan, harreman pertsonaletan, etab. Lengoaiaren bidez mundua ezagutzen ikasten baitugu, ahozkotasuna ezagutarazteko, lantzeko eta aztertzeko ardurak berebiziko garrantzia du, baita ahozko hizkuntzaren lanketak eta hizkuntza komunikaziorako gaitasunak ere.

Gauzak horrela, egitasmo honek ipuinak kontatuz eta entzunez sortzen den hizkuntz-ekintza du lehenesten, hartara ahozkotasuna modu gozagarri batean lantzen eta garatzen joan dakion haurrari.

IKASTAROAREN EGITURA

Ikastaroak hiru modulu izanen ditu (A-B-D), eskariaren eta interesaren arabera hautatzekoak edo banatzekoak. Ikastaroa, bere osotasunean, 24 ordukoa da (8+8+8):

A) AHOZKO HIZKUNTZAREN PRESENTZIA HAURTZAROAN (8 ORDU)

1- Hizkuntza eta hiztunaren komunikazio gaitasuna

  1. 1-Zer da ahozko hizkuntza?
  2. 2-Zergatik irakatsi ahozko hizkuntza?
  3. 3-Elkarrekintza moduak
  4. 4-Ahozko hizkuntzaren bilakaera

2- Ahozko hizkuntzaren garrantzia

  1. 1-Nola landu ahozko hizkuntza aisialdian?
  2. 2-Edukiak: Zer landu behar da?
  3. 3-Hezitzailearen rola

B) IPUINAK HIZKUNTZAREN GARAPENEAN (8 ORDU)

1- Ipuinen eraginkortasuna

2- Hizkuntz-ekintza

3- Zer ondorio du ipuinak hizkuntzaren garapenean?

4- Zer eskaintzen dio ipuinak umeari?

5- Ipuinak kontatzeko pauso garrantzitsuak

6- Afektua

7- Ipuina ongi bereiztea

8- Ipuin bat kontatzerakoan kontuan hartzeko ezaugarriak

D) HAINBAT TRESNA (8 ORDU)

  1. Ipuinak hautatzeko irizpideak adinka eta gaika
  2. Euskararen ahoskera zaindua
  3. Onomatopeien ezagutza eta bilduma
  4. Lokailuak ipuin kontaketarako