AURKEZ NAZAZU

AURKEZ NAZAZU

AURKEZ NAZAZU

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ikastea.
Parte hartzaile guztiak integratzea eta konfiantza giroa sortzea.
Ahozko adierazpena eta desinhibizioa sustatzea.

Parte hartzaileak

6tik 20ra bitarte.

Garapena

Parte hartzaileak binaka jarriko dira; ahal dela, ezagutzen ez duten norbaitekin.
Binakako taldetan banatuta, bakoitzak bere buruaz hitz egingo dio bere bikotekideari, ezaugarri pertsonalen bat emanez. Adibidez: izena, adina, jaioterria, zaletasunak, bertuteak…
Behin aurkezpenak egin ondoren, taldera bilduko dira denak.
Bikotekideek elkarren aurkezpena egingo du talde osoaren aurrean.
Dinamika errepikatuko dugu, bikotekide guztiak aurkeztu arte.

Antolaketa

Ariketa azaltzeko orduan, parte hartzaileak biribilean edo antzoki eran eserita jarriko dira. Batzuen eta besteen artean tarte bat utzita eseriko dira bikoteak, hizketan hasten direnean elkarri ahalik eta trabarik gutxien egite aldera. Taldea berriro biltzean, biribilean jar gaitezke, bikotekideak elkarren ondoan eserita egotea komeniko zaigula kontuan hartuta; bestela, antzoki eran jar gaitezke, eta orduan bikoteak banan-banan aterako dira gainerako taldekideen aurrean hitz egitera.

Jolas eremua

Biribilean bikoteka jartzeko bestekoa, ondo ikusteko edo entzuteko oztoporik gabekoa.

Denbora

20-30 minutu.

Materiala

Aulkiak.

Aldaerak

Dinamika bera, baina antzerki pixka bat gehituta, proposatuko dugu. Besteei gure bikotekidea denetan hoberena dela sinestaraztea izango da helburua. Horretarako, hari buruzko informazio positiboa bildu beharko dugu aurrena.
Dinamika hau beste zenbait datu ezagutzeko ere erabil daiteke: jolasei buruzko iritziak, beste edozein jardueraren gaineko aburuak, etab.

Gomendioak

Bikoteko kideek elkar ezagutzen ez badute, askoz aberasgarriagoa izango da jarduera.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileek elkarren izenak ikasteko bidean aurrerapenik egin ote duten.
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.