HABIA

HABIA

Helburuak

Parte hartzaileen arteko elkar ezagutza sustatzea haiek beraiek prestatutako galderen bitartez.
Taldeko kideen artean konfiantza eta dibertsio giroa sortzea.

Parte hartzaileak

4-6 pertsona. Taldea oso handia bada, azpitaldeak egin.

Garapena

Parte hartzaileak biribilean jartzera gonbidatuko ditugu eta jolas bat egingo dugula azalduko diegu.
Kartoi mehe edo paper handi bat jarriko dugu biribilaren erdian.
Fitxa gisa erabil daitekeen objektu bat bilatzeko eskatuko diegu.
Fitxak paperaren izkina batean jarriko ditugu, denak batera.
Fitxen inguruan habia moduko bat edo irteera lauki bat marrazteko eskatuko diogu partaideetako bati.
Dadoa botatzeko eskatuko diogu beste norbaiti.
Dadoak zer zenbaki adierazten duen, beste hainbeste lauki marraztuko ditugu, habiatik edo irteera laukitik aurrera abiatuta. Adibidez, lau zenbakia ateratzen badugu, lau lauki marraztuko ditugu, eta laugarren laukian utziko dugu fitxa. Gainera, prenda gisa bete beharreko agindu bat utziko dugu idatzita lauki horretan. Adibidez: sentimendu bat azaltzea, iraganako gertaera bat kontatzea, bidaia bat, zaletasunak…
Biribilean hurrena dagoen pertsonak botako du orduan dadoa. Hutsik dagoen lauki batean egokitzen bada fitxa, beste agindu bat idatziko du bertan, prenda gisa, baina agindua jada idatzita duen batean egokitzen bada, agindutakoa bete beharko du. Zenbakia lauki kopurua baino handiagoa bada, falta diren laukiak marraztuko ditu, eta azkenekoan utziko du fitxa eta idatziko du bere agindua.
Jolasak aurrera jarraituko du, biribileko kide guztiek parte hartu arte, eta laukiz lauki aurrera eginez, zirkuitua ixtea erabakitzen dugun arte.
Nahikoa dela iritzi arte jarraituko dugu jolasean.

Antolaketa

Jolasak mahai joko tradizional baten itxura hartuko du; antzara jokoaren itxura edo: lauki segida batez eratutako ibilbide bat, batetik, eta txandaka-txandaka dadoa botatzen diharduten jokalariak, bestetik. Gure fitxa lauki batera heltzean, bete beharreko agindu bat topatuko dugu bertan idatzita.
Parte hartzaileak zenbat eta zein adinetakoak diren, lurrean eserita edo mahai baten inguruan eserita egingo dugu jolasa.

Jolas eremua

Parte hartzaileak zenbat eta zein adinetakoak diren, lurrean eroso eserita (kuxinetan edo aulkietan) egon ahal izateko moduko toki bat beharko dugu. Toki itxi eroso bat, idazteko eta marrazteko baldintza egokiak izango dituena.

Denbora

30-45 minutu.

Materiala

Orri edo kartoi mehe handi bat.
Errotuladoreak.
Fitxa gisa erabiltzeko objektuak edo mahai jokoren batetik ateratako fitxak.
Dado bat.
Aulkiak edo kuxinak (aukerakoa).
Mahai bat (aukerakoa).

Aldaerak

Nahi izanez gero, joko taula aldez aurretik prest eduki daitezke, bete beharreko aginduak idatzita.
Aginduak beste batzuk izan daitezke, dinamikaren helburua zein den: elkar hobeto ezagutzea, barre egitea, ariketa fisikoa egitea, etab.

Gomendioak

Taldeari dinamikaren helburua zein den gogorazi beharko zaio, proposatzen dituzten aginduak jolasaren helburuekin bat etor daitezen.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.