IZENAK ETA KEINUAK

IZENAK ETA KEINUAK

IZENAK ETA KEINUAK

Helburuak

Parte hartzaileen izenak ikastea.
Parte hartzaile guztiak integratzea eta haien artean konfiantza giroa sortzea.

Parte hartzaileak

+ 7

Garapena

Taldea biribilean jartzera gonbidatuko dut.
Dinamika aurrera eramateko jarraibidea emango dut. Horretarako, nire izena esango dut, eta ni identifikatuko nauen keinu bat egingo dut. Adibidez: gitarra jo.
Nire ondoan dagoen pertsonak, nire izena eta nik egin dudan keinua errepikatu ondoren, bere izena eta keinua gehituko ditu. Adibidez. Leire (gitarra jotzeko keinua eginez) eta Maddi (liburu bat irakurtzeko itxurak eginez).
Biribilean hurrengo denak aurreko guztien izenak eta keinuak errepikatuko ditu, eta, ondoren, bereak gehitu.
Biribileko guztiek parte hartu arte errepikatuko dugu dinamika.

Antolaketa

Berdin da zutik edo eserita egiten den, baina hobe biribilean jarrita egitea, parte hartzaile guztiek gainerakoen izenak eta keinuak ondo entzun eta ikus ahal izan ditzaten.

Jolas eremua

Biribilean jarrita egoteko behar bestekoa, ondo ikusteko edo entzuteko oztoporik gabekoa.

Denbora

5-10 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Ordena jakin bati jarraitu ordez, keinuak zer irudikatzen duen asmatzen duen lehen parte hartzaileak hartuko du aurrera egiteko txanda.

Gomendioak

Oso talde handia badugu (+16), aski izango da nork bere izena esan eta keinua egitea, hasieratik dena errepikatzen ibili beharrik izan gabe. Gainerakoan, luzeegi jo dezake dinamikak, eta aspergarria gerta liteke.

Ebaluazioa

Erreparatu ea parte hartzaileek elkarren izenak ikasteko bidean aurrerapenik egin ote duten.
Erreparatu ea parte hartzaileen artean harremanak sendotu diren eta konfiantza giroa sortu den.