SALBAMENDU TXALUPAK

SALBAMENDU TXALUPAK

SALBAMENDU TXALUPAK

Helburuak

Parte hartzaileen konfiantza handitzea, bai gizabanako gisa, bai taldekide gisa.
Jolastuz gozatzea.
Taldea kohesionatzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Parte hartzaileei jolas bat egitera goazela azalduko diegu:
Itsasoan lasai-lasai bainatzen ari den lagun talde bat direla esango diegu, baina bat-batean, marrazo talde bat agertu dela eta salbamendu txalupa batzuetara igo beharko dutela babes bila, marrazoak handik joan arte. Lurrean zabaldutako egunkari paper batzuk edo han-hemenka utzitako uztai batzuk izango dira txalupak. Ez da pertsona adina txalupa egongo; beraz, tokia egin beharko diote elkarri, denak sartuko badira. Dinamizatzaileak abisatuko du noiz agertzen diren marrazoak eta noiz amaitzen den arriskua.
Parte hartzaileak aretoko (edo gauden tokiko) bazter batean jarriko dira, guk lurrean han-hemenka paperak edo uztaiak jartzen ditugun bitartean.
Hasteko seinalea emango dugu eta parte hartzaileak egunkari paperen artean ibiltzen hasiko dira, igerian ariko balira bezala.
Halako batean, oihu egingo dugu: “Kontuz, marrazoak!”. Eta igerilariak egunkarietara igoko dira edo uztaietan sartuko dira.
Denak salbu daudenean, arriskua amaitu dela eta igerian segi dezaketela adieraziko diegu.
Beste saio bat egingo dugu, egunkari bat edo uztaietako bat kenduta.
Behin eta berriz errepikatuko dugu jarduera, harik eta parte hartzaileak estu pilatu, eta haietako bat (bat baino gehiago, seguru aski) uretara erortzen den arte.

Antolaketa

Hasieran, uztai asko jarriko ditugu, baina jolasak aurrera egin ahala, haiek kentzen hasiko gara (banaka, binaka edo nahi bezala), jolasa zirraragarriagoa gerta dadin.

Jolas eremua

Toki zabal bat, aire zabalean zein estalpean, parte hartzaile guztiak elkarri trabarik egin gabe mugitzen ibili ahal izateko adinakoa.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Uztaiak, egunkari paperak, edo antzekoak.

Aldaerak

Aulkiak edo mahaiak ere erabil daitezke, biribilean jarrita, talde osoa espazio bakar batean sartu ahal izateko moduan.

Ebaluazioa

Erreparatu ea taldeak ondo pasatu duen eta parte hartzaileen arteko harremanak pixka bat naturalagoak diren.