SORKUNTZA PARTE HARTZAILEA SUSTATZEKO TALDEAK

SORKUNTZA PARTE HARTZAILEA SUSTATZEKO TALDEAK

SORKUNTZA PARTE HARTZAILEA SUSTATZEKO TALDEAK

Helburuak

Talde bateko ―nahiz talde jendetsua izan― kide guztiek parte hartzea eta ekarpenak egitea lortzea.
Talde lanaren azken emaitza talde eraikuntza bat eta talde sorkuntza benetako bat izan dadin lortzea, horrek talde lanaren, elkarrekintzaren eta elkarrekiko estimuluaren ondorio baino ezin izan duela izan kontuan hartuta.

Parte hartzaileak

25etik 100era bitarte.

Garapena

Zehatz-mehatz azalduko dugu taldearen aurrean, ikus-entzunezko bitartekoren baten laguntzaz agian, ariketa honetan jarraitu beharreko jarraibidea. Ez dugu azalpen tekniko huts bat egingo. Parte hartzaileak motibatzen ahaleginduko gara, esanez talde lana ez dela emankorra berez, talde portaera edo jokabide jakin batzuk edukitzea eskatzen duela, eta baita elkarrizketarako gaitasuna ere, baterako emaitza eta sorkuntza lortzeko bidean.
Gero, landu beharreko arazoa zertan datzan azalduko dugu. Ahal izanez gero, ahalik eta modurik zehatzenean planteatuko galdera bat izan behar du, ondorioak ateratzea eta erantzunak ematea erraztearren, batetik, eta gaitik aldentzea eragoztearren, bestetik.
Honako teknika hau aplikatuko dugu, bost fasetan banatuta:
1. Bakarkako lana (5-10 minutu): parte hartzaile bakoitzak, bere kabuz isilean lan eginez, bere erantzuna pentsatu, eta paper batean idatzita jasoko du. Erantzuna idaztearen arrazoia ahalik eta zehaztasunik handienaz adierazi ahal izatea da.
2. Aldi bereko elkarrizketak (10-15 minutu): norberak bere buruan bueltaka ibilitako gai beraren inguruan, bi pertsonen arteko iritzi trukea egingo da orain. Nork bere ondorioen berri emango dio besteari, eta, iritzi trukearen bidez, banaka egindako lana hobetzen saiatuko dira. Horretarako, adostasun eta desadostasun puntuak laburbiltzeaz gainera, erantzun berriak bilatu beharko dizkiote hasierako galderari, banakako jardueretan aipatu diren iritzietan sakonduz edo beste berri batzuk ikertuz.
3. Eztabida talde txikiak (20 bat minutu): behin aurreko fasea bukatuta, bikote bakoitza beste batean integratuko da, eta talde txiki bat (4 lagun) eratuko dute. Orduan, berriro planteatuko dugu arazoa: lehenik eta behin, bikoteka lortutako emaitzak edo ateratako ondorioak jakinaraziko dizkiote elkarri, eta hortik abiatuta, lanketa fase berri bati ekingo diote. Lanaren zati horretan, taldearen iritzi bateratu bat prestatzen hasi beharko dugu, erantzun komunetan edo partekatuetan oinarri hartuta eta kontrakoak edo osagarriak izan daitezkeenak beste horietan txertatzen saiatuz. Kontua ez da laburpen soil bat egitea, besteen ekarpenetatik abiatuta talde lan bat eraikitzea baizik. Kontrako erantzunak agertzen diren kasuetan, ez gara onena zein den eztabaidatzen hasiko; integratu ezin baditugu, taldeak baterako hausnarketari egindako ekarpen desberdin gisa txertatu beharko ditugu.
4. Lan taldea (20-30 minutu): bi talde txikiren arteko bategitetik sortuko da. Zortzi lagun horiek, talde bakoitzak prestatutakoa elkarrekin trukatu ondoren, talde osoaren bateratze lanean aurkeztu beharreko ondorioak prestatzen hasiko dira.
Horretarako, sintesi bat egingo beharko dute, kontuan harturik sintesi bat ez dela laburpen soil bat, sintesiak bigarren mailakoa edo beharrezkoa ez dena kentzea baitakar. Erantzun guztiak integratzea da kontua, haiek ezaugarri bereko esparru edo alderdietan sailkatuz. Une horretan, taldeak funtsezkotzat jotzen dituen erantzunen inguruan akordioak lortzen saiatuko gara. Taldeko kideren batek kontrako iritzia badu edo bere desadostasuna agertzen badu, kontuan hartu beharko da hori ere, eta hurrengo fasean hala adierazi. Fase honetan, talde bakoitzak bere bozeramailea aukeratu beharko du. Bera arduratuko da taldearen ondorioak ezagutzera emateaz.
5. Foroa, bateratze lana edo bilera (ordu bete inguru): bozeramaile bakoitzak bere taldeak ateratako ondorioen aurkezpena egingo du, baina taldeko edozeinek oharrak edo ñabardurak egin ahal izango dizkie ondorio horiei, hala baderitzo.
Bestalde, koordinatzaileak arbelean idatziko ditu ondorioak, eta haiek irizpide homogeneoen arabera sistematizatzen edo ordenatzen saiatuko da. Horrenbestez, ariketan zehar zer gai landu dugun, horren gaineko arazo, premia, irtenbide edo dena delakoen zerrenda bat agertuko da idatzita arbelean, parte hartzaile guztien begi bistan.

Antolaketa

Koordinatzaileak aldez aurretik prestatuta edukiko ditu bai eztabaidagaia bai ondorengo elkarrizketa gidatzeko erabili beharreko galderak eta.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

Bi ordu edo bi ordu eta erdi.

Materiala

Arbela eta klariona.
Papera eta bolaluma.

Aldaerak

Prozesuaren azken fasetik abiatuta, lau aukera ditugu:
Lanaren ondorioa (edo azken emaitza) talde bakoitzak adierazitakoa izango da, koordinatzaileak bildu eta idatzita jasotakoa.
Behin lan talde bakoitzaren ondorioak aurkeztu ondoren, eztabaida eta bateratze lana egingo dira; hau da, beste lanketa bat egingo da talde bakoitzak prestatutakotik eta grafikoki adierazitakotik abiatuta.
Talde lanera itzuliko gara berriro, eta lanketa berriak prestatuko ditugu, lan talde bakoitzak egindako aurkezpenetatik bildutako informazioa (edo proposamenak) kontuan hartuta. Ondoren, beste bateratze lan bat egin beharko da.
Parte hartzaileek hautatuko batzorde batek lanerako material gisa erabiliko ditu talde bakoitzaren ekarpenak, koordinatzaileak bildu eta idatziz jasotakoak. Batzorde horren ondorioak bilkura batean aurkeztu eta eztabaidagai jarriko dira gero, hasierako lana amaitutzat ematen denetik bost-hamar egunera.

Gomendioak

Prozesua amaitzeko modua edozein delarik ere, azken erantzun bat prestatu beharko da: egoera diagnostiko bat, ekintza proposamen bat…
Teknika hau arazo bati irtenbideak bilatzeko erabiltzen denean, lanak ez du hartutako erabakien enuntziatze huts bat izan behar. Erabakitakoa gauzatu beharra dago.

Ebaluazioa

Erreparatu pertsona bakoitzak taldean izandako parte hartzeari eta egindako ekarpenari.
Erreparatu ea nolako pisua duen taldearen iritzian parte hartzaile bakoitzaren iritziak.