TOTEMA

TOTEMA

Helburuak

Hitz egiteko eta entzuteko txandak errespetatzea, dinamizatzailearen esku hartzearen beharrik izan gabe.

Parte hartzaileak

+2

Garapena

Totema aurkeztuko dugu taldearen aurrean, eta ariketa honetan hura eskuetan duenak baino ezingo duela hitz egin azalduko dugu. Gainerako guztiek adi entzun beharko diote hari. Hitz egin nahi dugunean, totema eskatu beharko diogu hura duenari. Proba saio bat egingo dugu: Totema eskuetan hartu, eta honela esango dugu, adibidez: “Tori Ane, konta iezaguzu zerbait”. Eta Aneri pasatuko diogu totema. Hala, totema eskuz esku pasatzen ibiliko gara, denok esperimentatu ahal izan dezagun zer den isilik egotea eta totema eskuetan dugunean baino ez hitz egin ahal izatea.

Antolaketa

Dinamizatzaileak, aurkezpena egiterakoan, eskuetan hartuko du totema. Taldea biribilean jarriko da, denek ondo ikusi eta entzuteko moduan.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

10 minutu.

Materiala

Objektu txiki bat, totem gisa erabiliko duguna: pilota bat, bolaluma bat, mikrofono bat, etab. Gauza arin eta hauskaitz bat.

Aldaerak

Erritual bat ere sor dezakegu, hitz egiteko txanda hartzeko. Adibidez: totema jasotzean, hura dantzarazi, edo soinu bat egin.

Gomendioak

Dinamika hau jarduera jakin baterako erabili: mahai inguru edo eztabaida baterako, adibidez. Modu jarraian erabiliz gero, eraginkortasuna gal dezake.

Ebaluazioa

Erreparatu eraginkorra den eta dinamizatzailearen esku hartzerik gabe txandak errespetatzen diren.