TXANGOA

TXANGOA

Helburuak

Jolastuz gozatzea.
Kontzentrazioa garatzea.

Parte hartzaileak

+6

Garapena

Taldeari txango bat egitera goazela azalduko diogu, eta bakoitzak beharrezkoa dela deritzona eraman beharko duela. Adibidez: Leirek linterna bat eraman lezake, haitzulo bat topatzen badugu edo gaua sartzen bazaigu argia egiteko. Bakoitzak bere aukeraren zergatia azaldu beharko du, gainera.
Jolasean hasiko gara, eta asmatu beharrezko gako sekretua ezagutzen dutenekin batera, jolasa gidatuko dugu, era honetako iruzkinak eginez: Ez, Unai, zuk ezingo duzu kantinplora eraman, hori Karlosek eraman beharko du. Zuk zergatik ez duzu urdaiazpikoa eramaten, arratsaldekoa egiteko?

Antolaketa

Jolas hau egiteko, parte hartzaileetako bat edo bi jolasaren jakinaren gainean egotea komeni da. Izan ere, gainerako parte hartzaileek gako sekretu bat aurkitu beharko dute, eta horretarako, jolasa ezagutzen dutenek isilean gidatuko dituzte beren kideen erantzunak. Gakoa zera da: norberaren izenaren letra beretik hasten diren gauzen izenak baino ezingo direla esan. Adibidez: Aitor aiztoa, Maddi motxila.

Jolas eremua

Edozein.

Denbora

15 minutu.

Materiala

Ez da beharrik.

Aldaerak

Gako sekretua beste bat izan daiteke: izenaren azken letra, adibidez.

Gomendioak

Tentuz jokatu behar dugu arrastoak emateko orduan, nabarmenegi ez gelditzeko. Beraz, txango batera eraman ohi diren gauzak aipatuko ditugu: Leirek linterna, Maddik motxila, etab. Baina, noizean behin, zentzurik gabeko gauzak aipatuko ditugu, parte hartzaileak nahasteko, eta jolasa interesgarriagoa eta dibertigarriagoa bihurtzeko. Adibidez: Iratik ilargia eramango du, gauean argi egin diezagun.
Erne egon beharko dugu taldearen erreakzioen aurrean, gako sekretua aurkitzeko prozesua ez dadin ez zailegia ez errazegia gertatu.

Ebaluazioa

Erreparatu ea jolasak dirauen bitartean parte hartzaileek barre egiten duten edo ondo pasatzen duten.