Zer da Tekniken Bilduma?

SARRERA

Aisialdiko begirale edo animatzaile soziokultural gisa lan egiten dugunok, haur zein helduen hezkuntzako alorrean aritzen garenok, era askotako jolasak eta dinamikak erabiltzen ditugu jendearen parte hartzea bultzatzeko, eta jendea animatzea eta desinhibitzea lortzeko, parte hartzaile guztiak pertsona integratuak izan daitezen eta hala senti daitezen helburu hartuta; orobat erabiltzen ditugu landu nahi ditugun gaiak ulerterrazagoak egiteko, edota jarrera kritikoak sustatzeko, eta abar.

Jarraian, gure zeregin horretan baliagarri gerta dakizkigukeen dinamika batzuk aurkeztuko ditugu. Esperientzia falta dugunean, galduta sentitzen gara: teknika gutxi ezagutzen ditugu eta ez dugu jakiten ondo zer egoeratan edo zer talde motarekin erabil daitezkeen ezagutzen ditugun apurrak. Denborarekin, arazo hori desagertu egiten da, bai, baina gerta liteke, ohituraren poderioz, teknika edo baliabide horiek modu mekanikoan erabiltzen hastea, edota bi edo hiru tresna baino ez erabiltzea gure eguneroko jardunean. Horrela, monotonia nagusitzen da gure lanean, eta gu ohartu gabe, baita geure jarreran bertan ere.

Hori dela eta, beharrezkoa iruditzen zaigu honelako material bat eskura izatea beti: noizean behin gure errepertorioa berritzeko, ideia berriak hartzeko, eta gure lanarekiko eta gure lanaren xede diren pertsonekiko motibazio eta maitasun handiagoko jarrera aktibo bat mantentzeko.

Badakigu gure honen helburu bera duten liburu asko daudela argitaratuta, eta antzeko dinamikak eta jolasak biltzen dituzten era guztietako web orriak daudela interneten edozeinen eskura. Hala ere, euskaraz idatzita dagoen materiala aurkitzea ez da erraza, ezta alor honetan lanean diharduten pertsonak asko diren garai hauetan ere. Horregatik animatu gara gu bilduma hau sortzera, euskaratik eta euskara lan egiten jarraitu ahal izan dezagun. Pixkana-pixkana, gure bibliografia, kopuruz zein kalitatez, handituz joan dadin.

Eskuliburu hau behar bezala erabiltzeko, kontuan hartu beharra dago ez dela gida huts bat, edozein egoeratan edo edozein taldetan aplikatzeko moduko formula bat. Garrantzitsua da hezitzaileak edo dinamizatzaileak dinamika edo jolas bakoitza dagokion errealitatera egokitzen jakitea, garbi edukitzea teknika jakin bat erabiltzeak ez duela zertan esan nahi helburua arrakastaz beteko denik. Esan beharra dago, halaber, orain aurkezten ditugun teknika hauek ez direla, besterik gabe, helburu gisa erabili behar, bitarteko gisa baizik. Gainerakoan, hau gerta dakiguke:

  • Teknikak modu sinplista batean erabiltzea.
  • Esperotako helburuak ez lortzea.
  • Josteta hutsean erortzea.
  • Eta abar.

Hezitzaileak garbi eduki behar du bere lana ―talde baten gidaritza― zeregin konplexua eta garrantzitsua dela, bere jarduerak gogoeta eta azterketa sakon baten emaitza izan behar duela. Pertsona talde baten arduradun eta buru gisa, honako zeregin hauek ditu hezitzaileak: jokabide jarraibideak ezartzea, parte hartzaileak motibatzea, guztiekin harreman positiboak izatea, konfiantza eta espontaneotasun giro bat sortzea, parte hartzaileen bilakaera arretaz jarraitzea, parte hartzea eta lankidetza erraztea, eta abar.

Amaitzeko, esan beharra dago dinamika hauek hainbat sail edo multzotan sailkatu ditugula, erabilera errazte aldera. Taldea zein egoeratan eta zertan ari den kontuan hartuta egin da sailkapen hori, hau da, proposatutako jolasek erabilgarritasun eta zentzu handiagoa noiz izan dezaketen kontuan hartuta.

Jarraian aurkezten ditugun jolas guztietan badira atal komun batzuk, jolasa zertan datzan eta nola garatu behar den errazago ulertzen laguntzeko.

  • HELBURUAK: Jardueraren berezko xedea eta bertan garatzen diren gaitasun garrantzitsuenak.
  • PARTE HARTZAILEAK: Jarduera bakoitzerako gomendatzen den partaide kopurua.
  • GARAPENA: Jarduera antolatzeko eta aurrera eramateko modua eta bete beharreko arauak.
  • ANTOLAKETA: Jarduera antolatzen duen pertsonak prozesuarekin nola jarraitu jakiteko jarraibideak.
  • JOLAS EREMUA: Jarduerarako tokiak bete beharreko ezaugarriak.
  • zer-nolako tokitan egitea gomendatzen den.
  • DENBORA: Jarduerak izan dezakeen iraupenaren gutxi gorabeherako kalkulu bat.
  • MATERIALA: jarduera aurrera eramateko behar diren tresnak.
  • ALDAERAK: jarduera aurrera eramateko beste aukera batzuk.
  • GOMENDIOAK: jardueraren dinamizatzaileari zuzendutako oharrak.
  • EBALUAZIOA: Lan taldearen bilakaera espero zena ote den jakiteko, koordinatzaileak edo dinamizatzaileak aintzat hartu beharreko jarraibideak.

Esku artean duzun material hau baliagarria eta zure gustukoa izatea espero dugu.

Laguntzaileak:

dipu+jaurlaritza_LOGO