FamiliaOla egitasmoa

FamiliaOla egitasmoa

FAMILIAOLA

Egitasmoa

Familiak euskaraz aritzeko gune eta uneak sortzea du xede FamiliaOlak. Gune hauetan euskaraz ikasten ari diren edota euskaraz aritzeko zailtasunak dituzten familiak eta euskaraz bizi diren familiak elkartzea bilatzen da.

Mintza-gune hauek kudeatzeko eta dinamizatzeko haur eta gurasoentzat erakargarriak diren interesguneak bilatzen ditugu: natura, fantasiazko pertsonaiak, ingurunearen ezagutza, emozioak, gorputza… hainbat forma interesgarri behar eta nahietara egokituta.

Horiek guztiak aurrera eramateko, lan-modua tailerrak dira. Tailer horietan hainbat baliabide eta bitarteko erabiltzen dira aurretik landutako helburu zehatzekin: jolasak, kantak, ipuinak, eskulanak, kirola… Jarduerak euskaraz eginez, familiak euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dute eta mintza-gune horiek euskararen erabilerarako bultzada bilakatzen dira.

Otsaila, maiatza eta azaroan ekintza ezberdinak burutzen dira eta hauetan parte hartzeko interesa duten familiek on-line egin dezakete izen ematea.

FAMILIAOLA IRUNEN

2013 urteaz geroztik Irungo udalak antolatuta FamiliaOla egitasmoa martxan dugu Irunen. Otsaila, maiatza eta azaroan hainbat ekintza proposatu eta jarduera horiek euskaraz eginez, familiak euskaraz aritzeko konpromisoa hartu eta mintza-gune horiek euskararen erabilerarako bultzada bilakatu dira.

 

AZAROKO TAILERRAK:

FERIA JOLASAK

Ikasturte berriari ongi etorria emateko, Erdi Arora salto egingo dugu eta garai bateko ferian murgilduko gara. Bertan, jolasean aritu zein eskulan ezberdinak egiteko aukera izango dugu.

Adin tartea: 2-8 urte
Noiz:
 Azaroaren 20ean eta 27an.
Ordutegia: 17:30-19:00
Non: Eguzkitza ikastetxean.

YOGA TAILERRA

Gorputzeko tentsioak askatzeko eta ikasturtea energiaz hasteko, esperientzia handiko yoga irakaslearekin, yoga-hitz, postura eta jolas ezberdinak ezagutuko ditugu.

Adin tartea: 2-8 urte
Noiz:
 Azaroaren 17an eta 24an.
Ordutegia: 11:00-12:30
Non: Urdanibia plazako euskaltegian.

PARKETARRAK

Eskuak zikintzea gustuko duzu? eskultore izan nahiko zenuke? Jarri ezazu irudimena dantzan eta zatoz buztinarekin jolastera. Pitxerrak, ontziak, jostailuak… egingo ditugu.

Adin tartea: 2-8 urte
Noiz:
 Azaroaren 23an eta 30ean
Ordutegia: 17:30-19:00
Non: Lekaenea ikastetxea.

IZEN EMATE EPEA:

AZAROAREN 2an itxiko da (Yogarako, plaza mugatuak egongo dira).

EMAN IZENA HEMEN

FAMILIAOLAKO BIZIPENAK HITZETAN:

MAIATZEKO TAILERRAK:

Bukatu dira dagoeneko 2017-2018 ikasturteko Familiaolako tailerrak. Oraingoan, Parketarrak, Piraten bizitza hoberena da eta Buztinarekin jolasean tailerrak burutu ditugu. Horretaz gain, bi irteera egin ditugu familiekin; Lehenengoa, Donostiako Bulebarrera Txantxarien emankizuna ikustera eta bigarrena, Pasaiako badian itsasontzian ibiltzera.

Parketarren saioan, familiek jolas ezberdinetan jolasteko aukera izan dute;  familian jolastuz eta abesti berriak ikasiz, arratsaldea pasa dute. Jolas saioei amaiera bikaina emateko, Donostiako Bulebarrera joan gara eta bertan Txantxariak ezagutzeko aukera izan dugu.

Beste batzuk aldiz, Martxel pirata bezala, Irungo kaleetan barrena ibili dira. Poliki poliki, piraten bizitza ezagutu dute, piratak bezala pentsatzen eta ekiten ikasi dute, eta azkenik, gura familiak, piratak bilakatu dira! Baina pirata izateko oso garrantzitsua da nabigatzen jakitea; Pasaiako piraten laguntzaz, gure sasi piratak itsasontziz, Pasaiako badia konkistatzera irten dira!

Azkenik, gure artean sekulako artistak ditugula ikusi dugu. Familiek irudimena dantzan jarri dute eta buztinarekin sekulako artelanak egin dituzte; baita hauek koloreztatu ere. A zer nolako artistak!

OTSAILEKO TAILERRAK:

Bukatu dira dagoeneko otsaileko Familiaolako tailerrak. Oraingoan, Parketarrak, Artista bat naiz ni eta Uum! Ze gozoa tailerrak burutu ditugu.

Parketarren saioan, familiek jolas ezberdinetan jolasteko aukera izan dute eta eguzkia lagun, kaleak kantuz eta jolasez girotu ditugu. Horretaz gain, haurrek dinamizatzaile finak direla erakutsi digute; A zer nolako martxa duten!

Eta haurrek duten martxa hori aipatuta, Artista bat naiz ni tailerrean ibili direnak ere, sekulakoa dutela erakutsi digute. Gorputzarekin soinua eginez, musika egitea lortu dezaketela frogatu dute, baita birziklatzeko materialarekin instrumentuak egin ere!

Azkenik, horrenbeste jolas, musika eta mugimendurekin, gosetuak etorri zaizkigu Uum ze gozoa tailerrera. Bertan, gure zentzumenak lanean jarri ditugu eta begiak estalirik, postreko osagaiak usaindu, dastatu eta ukitu behar izan ditugu. Behin osagaiak zeintzuk ziren jakinda, txikienek fruta brotxetak eta batido gozoak egin dituzte; handienek aldiz, txokolatez eta gailetazko pastelak egin dituzte; Uum, ze gozoak!!

AZAROKO TAILERRAK:

Amaitu dira jada hilabete honetako FamiliaOla tailerrak. Hilabete honetan zehar, familiek Yoga zein Ongi etorri tailerrez gozatzeko aukera izan dute eta bertara, hogei bat familia gerturatu dira (ia 50 pertsona).

Ongi etorri tailerrean, familiak ezagutu, konfiantza hartu  zein elkarri lagunduz, kooperazioan jolasak burutu ahal izan dituzte. Yoga tailerrean aldiz, familian erlaxatzen ikasi dute; arnasketa landu, gorputzari masaje txikiak eman, yoga postura ezberdinak ikasi eta Marina Pintos-en musika lasaigarriarekin, amaierako erlaxazio saioei amaiera eman diegu.

Bi tailerretan, gu eta familiak eroso sentitu eta primeran pasa dugu. Honekin batera, otsaileko tailerretara etortzeko asmoa dutela adierazi digute. Anima zaitezte! Gabonetako oporren ondoren otsaileko eskaintzaren berri izango da eta!.

FAMILIAOLAKO SAIOEN IRUDIAK:

Familiaola- Maiatza 2018
Txantxariak Donostian 2018/05/19
FamiliaOla- Otsaila 2018
Familiaola. Azaroa 2017