HIZKIMILIKILIKLIK – LITERATUR ADIERAZPEN JOLASAK

ZER DA?

Egitasmo hau hizkuntzarekin, euskararekin hain zuzen, jolastea maite duen pertsona orori eskainia da, hau da, hizkuntza bera sakonago arakatzea eta bere bitxikeriei erreparatzea gustuko duen jendeari. Hitz jokoekin gozatzen duen edonori eskaintzeko moduko ikastaroa da honako hau. Batetik, hezkuntza formaleko nahiz ez-formaleko hezitzaileei zuzendua da. Bertzetik, gazte jendeari, betiere hizkuntzaren bihurrikeriek lilura sortzen dietenei. Eta azkenik, aisi denboran hizkuntza bitarteko nagusi gisa erabiltzen duten elkarte taldeei.

Hitzak asmatu, moztu, luzatu, nahastu, desitxuratu… egin ditzakegu. Hizkuntzaren arauak bihurritu ahal ditugu. Hizketa eta idazketa ekintzetan muga berriak ezar ditzakegu…

Eginkizun honetan hizkuntza jolasgai izanen dugu eta gu, jokalariak ez ezik, esploratzaileak bihurtuko gara hizkuntzaren zelaian. Nola? Hitzen, esaldien, arauen… iturburuetara joanda, haietan barneratuz, aurkitutakoa hautsiz, aztertuz eta berreginez, eta, azkenik, sortzeko kemena eta trebetasunari aukera irekiz.

Laurogeitik gora prozedura-aukera desberdin guztira, zein bere definizioarekin eta adibide ugarirekin: ziklogramak, totelgramak, hitz kateak, aho korapiloak, tautogramak, anagramak, karramarro hitzak, aurpegi biko hitzak, hitz trabatuak, hitz hautsiak, sentonak, hitz osatugabeak, sorgin solasa, gaizki ulertuak, lapsusak, ezkutuko kodeak, hieroglifikoak, hizpanaldiak, lipogramak, pangramak, mimogramak…