BESTE EGONALDIAK

batukadakirolaria2

Proiektuetan oinarritutako egonaldiak

Gure hezitzaileek dinamizaturiko egonaldiak eskaintzen ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpe desberdinetan: Hondarribia, Orio, Zarautz edo Segurako aterpeetan hain zuzen ere.

Aisialdiko programa desberdinen artean aukeratu daiteke ondoren aterpe hauetako batean egonaldia gauzatzeko; kalitatezko proiektu pedagogiko ludikoak dira guztiak, gozamenetik abiatuz zenbait helburu lortzera bideratuak.

2 EGITASMO AUKERAN

BATUKADA KIROLARIA

BatukadaKirolaria1

Kirola eta jolas kooperatiboak

Erritmo bizian mugitzen den gizarte lehiakor honetan, emaitzetatik eta sailkapenetatik haratago joan eta elkarbizitza sendotzeko ezinbestekoak diren komunikazioa, kooperazioa eta harremanak lantzeko egonaldia eskaini nahi dugu.

Egonaldian kirol eta jolas kooperatiboen munduan murgilduko gara talde harremanak eta bizitza ohitura osasuntsuak lantzeko. Itsasoko kostak eskaintzen dizkigun ingurune naturaletan barrena ariketa fisikoa egingo dugu, bizikidetzan oinarritutako jolasetan arituko gara eta sormenerako espazioetan parte hartuko dugu gorputzarekin eta material desberdinak erabiliz adierazpena landuz.

 

Helburuak

1. Kirol eta jolas kooperatiboen bidez taldekide guztien parte hartzea sustatzea, harremanak, komunikazioa eta gizarte trebetasunak lantzeko espazio kooperatiboak sortuz.

2. Norberaren eta taldearen trebetasun eta ahalmenen kontzientzia hartzea.

3. Kirol eta jolasen alderdi konpetitiboa alboratuz, emaitza eta sailkapenetik haratago, talde esperientzietan oinarritutako dinamiketan parte hartzea.

4. Trebetasun fisikotaz gain, talde harremanak, gozamena eta errespetua sustatzea.

5. Hondarribia eta itsas ingurunearen ezagutza.

6. Euskararen erabileran, ezagutzan eta motibazioan eragitea.

Norentzat da?

Lehen Hezkuntzako 2. zikloa eta DBHko ikasleentzat da.

Zer egingo dugu?

Gorputza astindu, estrategiak pentsatu eta emozioak sentitu esperientzi desberdinen bidez: Jolas kooperatiboak, Acrosport (acrobazia eta koreografia bidez gorputzarekin egindako irudiak), irudiak hondartzan, kirol ginkana…

Egonaldiak 2 edo 3 egunekoak izan daitezke.

ELEBIZI EGONALDIAK

seashellsCollection02

Euskararen normalizazioan gero eta gehiago hartzen da kontutan aisialdia. Gaur egun bizi garen testuinguruan, berebiziko garrantzia dauka, haur eta gazteek euskararekin eta euskaraz esperientzia esanguratsuak, positiboak eta atseginak izateak; honenbestez, haur eta gazteek euskazko bizipen hauek izateko eta euskara erabiltzera motibatzeko sortu dira Elebizi egonaldiak.

Kontutan hartu behar dugu, hizkuntza transmisioa neurri handi batean aisialdian egiten dela (familia, lagunak, telebista, musika, kirola, jolasak, jokoak, zinema, jaiak, tabernak, oporrak, irteerak, udalekuak, ludotekak, gazte lekuak, liburuak…). Honetarako beharrezkoa da haur eta gazteek aisialdian euskara erabiltzeko aukerak eskaintzea eta horretarako aisialdiak euskaraz lagunartean ondo pasatzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu. Errealitate hau hizkuntzaren erabileran islatzen da eta errealitatea honetan eragiteko asmoa dute Elebizi egonaldiek; bertara datozen haur eta gazte hauek euskarara eta honek gure herrian eta munduan betetzen duen espazio horretara hurbilduz eta honen inguruan hausnartuz.

Hau guztia noski, jolasa abiapuntu bezala hartuz egingo dugu, euskara modu positibo batetan jasoz, haur eta gazteen arteko harremanak euskaraz izan daitezen bultzatuz; hizkuntzarekin gozatuz, biziz eta aberastuz

Helburuak

1. Parte hartuko dutenentzako esperientzia positibo eta atsegina izatea

2. Euskara esparru formaletik ateratzea, hau da, euskara aisialdiarekin erlazionatzea eta euskararen ezagutza indartzea..

3. Aurrera eramaten diren ekintza guztietan euskararen erabilera ahalik eta gehien suspertzea.

4. Haur eta gazteen harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzea.

5. Euskaraz ere ongi pasa daitekeela konturatzea.

6. Haurren ahozko euskarazko komunikazioa indartzea

7. Euskararen ikaskuntza prozesua sendotzeko motibazioa lantzea.

8. Euskararekiko jarrera positiboa sustatzea.

9. Talde harremana eta kohesioa lantzea

Norentzat da?

Lehen Hezkuntza 3. mailatik DBH4. mailara arteko ikasleentzat da. Taldeek gutxienez 25 eta gehienez 54 haur izango dituzte.

Zer egingo dugu?

Algara, emozio, erritmo bizi eta giro jatorreko 2 edo 3 egunetako egonaldiak burutzen ditugu: Hizkuntzen ginkana, herria ezagutuz, kuxkuxeroa, gure herriko euskara datuak ezagutu, musika kaxa, txantxa jolasak, erronkak…