HEZITZAILEAK HAUTATZEKO PROZESUA 2020

UDALEKUAK 2020

Urtxintxan lanean gabiltza uda honetan ere ehunka haurrek aisialdi hezitzaile baten barnean jolasteko eta gozatzeko aukera izan dezaten. Baina Covid-19 pandemiak eragindako alerta egoera eta ondorengo jendarteratze baldintzak zeintzuk izango diren ez jakiteak zalantzak sortu ditu eta dizkigu, baita udako egitasmoei dagokionean ere: oraindik ez dakigu 2020 udan udalekuak egiteko aukerarik (baimenik) egongo den. Eta udalekuak egiten badira ere ez dakigu zein egitura eta forma izango duten.

 

Itxialdi luze honen ondoren haurrek izango dituzten beharrak asetzeko aisialdiak garrantzia izugarria izango du. Horren kontziente gara eta hori kontuan hartuta gabiltza lanean. Une honetan, Udal ezberdinek antolatzen dituzten udaleku irekietan lan egiteko hezitzaileen izen-emateak zabaltzea erabaki dugu. Gure helburua, udalekuak gauzatzen badira, bertan lan egingo lukeen hezitzaile taldea prest edukitzea da. Hala ere, azkenean udalekuak gauzatzeko modurik ez badago hezitzaile taldeak ere bertan behera geratuko liratekeela jakinarazi nahiko genizueke. Izan ere, argi baitugu udalekuak egingo badira guztion osasuna ziurtatzeko baldintzak betez egin behar ditugula.

 

Hautaketa prozesuari dagokionean, eta egoerak horrela eskatuta, aldaketa batzuk egingo ditugu aurtengoan. Curriculumaren baremazioa aurreko urteetan bezalaxe egingo dugu, baina aurtengoan ez dugu talde elkarrizketarik egingo.

 

CURRICULUMAREN BAREMAZIOA, aurrez zehaztutako parametro batzuen arabera egingo da, honek curriculumeko aldagaiak baloratzeko aukera emango du (aldagai bakoitzak bere puntuazioa izango du): begirale edota zuzendari titulua izatea, heziketarekin harremana duten ikasketak amaiturik izatea, aisialdian izandako esperientzia…  Baremazio hau egin ahal izateko, hautagaiak aurkezten duen curriculum hori egiaztatzeko aukera izan behar du Urtxintxak, izen-emate garaian curriculumarekin batera beharrezkoak diren titulazio eta dokumentazioa aurkeztuz.

BAREMAZIOA-05

CVaren baremazioaz gaindiko puntuazio gehigarriak hauek izango dira:
-Urtxintxarekin lanean aritutako egitasmoko / urteko 1 puntu (gehienez 5)
-2019ko udan Urtxintxarekin lanean aritu izana 1 puntu / udalekuko (gehienez 2)
-Tokian – tokiko puntuazio gehigarriak (CVaren baremazio irizpideetan azalduak)

 

Udalekuetan lan egin ahal izateko derrigorrezkoa izango da hautaketa prozesuan parte-hartzea eta behin hautaketa gaindituta hezitzaileek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte ezinbestean udalekuan lan egin nahi badute:
-Udalekuen prestaketa asteburuan parte-hartzea ordu kopuru guztiak betez (udalekuaren formazio eta prestaketa saioari buruzko informazioa aurrerago zehaztuko da, egoeraren arabera).
Lan egiteko prestutasuna eta jarrera positiboa erakustea.

 

Ohar orokor hauez gain, udalerri bakoitzak bere berezitasunak aurkeztu ditzake hezitzaileak hautatzeko garaian, bai eta hezitzaile haiei egingo zaizkien eskakizunetan ere.