ASTEKO EGUNAK BALOIAREKIN

ASTEKO EGUNAK BALOIAREKIN

Partaide kopurua

Gutxienez 2 (hobe gehiago)

Baliabideak

Baloia

Espazioa

Kaleko horma batean jolasteko aproposa da, baita gela zabal batean ere, gelak nahikoa altuera baldin badu.

Azalpena

1. Jokalari guztiak ilaran jarriko dira bata bestearen atzean. Ilaran lehenengo dagoenak baloia eskuan edukiko du.

2. Haurrek asteko egunak banan-banan esan beharko dituzte; egun bakoitza esatean, baloia airera bota eta atzeko jokalariak hartu egin beharko du. Egun bakoitzari baloia botatzeko eta hartzeko arau bereziak dagozkio, ordea:

ASTELEHENA: lehenengo jokalariak baloia paretaren kontra botako du eta bere atzean dagoen jokalariak, hau da, ilarako bigarrenak, baloia airean hartu beharko du.

ASTEARTEA: bigarren jokalariak baloia paretaren kontra botako du eta bere atzean dagoen jokalariak lurrean bote eman ondoren hartu beharko du baloia.

ASTEAZKENA: hirugarren jokalariak baloia lurrean botako du eta bere atzean dagoen jokalariak lurrean bote eman ondoren hartu beharko du baloia.

OSTEGUNA: laugarren jokalariak baloia paretaren kontra botako du, lurrean botea emango du eta bere atzean dagoen jokalariak airean hartu beharko du baloia.

OSTIRALA: bosgarren jokalariak baloia airera botako du eta bere atzean dagoen jokalariak airean hartu beharko du,

LARUNBATA: seigarren jokalariak baloia paretaren kontra botako du eta bere atzean dagoen jokalariak txalo jo eta baloia airean hartu beharko du.

IGANDEA: zazpigarren jokalariak baloia paretaren kontra botako du eta bere atzean dagoen zortzigarren jokalariak bi txalo jo eta airean hartu beharko du baloia.

3. Gauza bera egin beharko litzateke norbaitek huts egin arte.

Asteko egunen ordenari jarraitu gabe ere jolas daiteke. Jolasa biziagotzeko jokalari bakoitzak nahi duen asteko eguna esango du eta egun horri baloia botatzeko dagokion modua beteko du. Hortaz, atzeko jokalariak adi egon beharko du baloia era egokian hartzeko.

Informazio soziokulturala

Baloiarekin egiten diren zenbait jolasetan erabiltzen dira abestiak. Modu honetako bi eratako jolasak egiten dira: alde batetik baloiari lurraren kontra bote eman araziz, eta bestetik, baloia horma baten kontra botatzen. Honelako jolasetan gaztelaniazko abestiak erabili izan dira (Maria Magdalena, A la una sin mover…). Dena den, azkeneko urtetan agertu dira euskarazko abestiak honelako jolasak egiteko. “Hik Hasi” aldizkariko bilduman, adíbidez, abesti hauek daude: BOTE BOTE BOTEAN eta MANDOKA.

Hemen jaso dugun jolasa (ASTEKO EGUNAK BALOIAREKIN) Iratxe Antxustegik Berriatun jaso zuen 2000. urtean. Beraz, gaur egun, jolas ezaguna da. Etniker taldeak Zangotza herrian oso antzeko jolasa jaso zuen, baina gaztelaniazko hitzekin.

Aldaerak

*asteko egunen ordenari jarraitu gabe
Jolasa biziagotzeko jokalari bakoitzak nahi duen asteko eguna esango du, eta egun horri baloia botatzeko dagokion modua beteko du. Hortaz, atzeko jokalariak adi egon beharko du baloia era egokian hartzeko.

Esamoldeak

  • HUTS EGIN:
    Gaizki egin, kale egin, txarto egin.
    Adibidez:
    Naroak huts egin du, baloia ez duelako hartu.

Asteko egunak beste euskalkietan esan daitezke.
Adibidez:
ASTELEHENA, MARTITZENA, EGUAZTENA, EGUENA, BARIKUA, ZAPATUA eta DOMEKA.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimendu eta trebetasunezko jolasa
  • Jokaera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: oratzea. Eraginkortasuna: trebetasuna eta kontzentrazioa.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa

Iruditan