ASTO HITZ

ASTO HITZ

Partaide kopurua

Gutxienez 4 (hobe gehiago)

Espazioa

Toki zabala

Azalpena

1. Jokalari guztien artean zozketa egin eta bi lagun aukeratuko ditugu: bat “astoa” izango da eta bestea “astozaina”. Aukeratuak izan ez diren jokalariak ilaran jarriko dira.

2. Astozainak eta astoak izen multzo bat aukeratuko dute eta ozen esango dute zein den. Adibidez: HEGAZTIAK. Honetaz gain, esan daitezkeen hegazti guztien artean hiru aukeratuko dituzte baina beste jokalariei esan gabe. Adibidez: ENARA, ARRANOA eta KUKUA. Hiru hitz hauek hitz debekatuak izango dira.

3. Taldeak aukeratu ondoren, astoa agintariaren magalean makurtuta jarriko da eta lerroan dauden lagunek banan-banan bere gainean salto egingo dute. Salto egiteko garaian aukeratutako izen multzoko izen bana esan beharko du jokalari bakoitzak. Gure adibidean, salto egiterakoan hegaztien izenak esan beharko dituzte: AHATEA, ZOZOA, TXANTXANGORRIA, ANTXETA…

4. Ezin dira izenak errepikatu. Norbaitek aurretik esandako izen bat errepikatuz gero, astoarena egiten jarri beharko du. Gauza bera gertatuko da salto egitea egokitzen zaion batek “hitz debekatua” esaten badu. Gure adibidean, ENARA, KUKUA edo ARRANOA esaten badu, alegia.

5. Jolasa behin eta berriro errepikatzen da baten batek huts egin arte. Hau da, denek salto bana egin dutenean, berriro hasiko dira salto egiten. Norbaitek huts egiten duenean, ordura arte asto zena astozaina izango da, eta astoaren papera betetzen jarriko da huts egin duena. Aurreko txandan astozaina zena saltoka arituko da, horrela.

6. Txanda bakoitzean aukeratutako izen multzoa (ZUHAITZAK, MENDIAK, KOLOREAK, FRUTAK…) eta “hitz debekatuak” aldatuko ditugu.

Hitz debekaturik gabe ere jolas daiteke. Kasu horretan, ez da behar astozainik. Astoak hitz multzo bat aipatuko du eta salto egiten dutenek hitzak esan beharko dituzte. Ezin dira hitzak errepikatu eta azkar egin behar da salto, pentsatzeko denborarik hartu gabe. Huts egiten duenak astoaren papera beteko du.

Informazio soziokulturala

Astoka jolastea oso ohikoa izan da euskal haurren artean. Honelako jolasen artean jolasteko bi era ditugu: jolaskide bakar bat astoa izatea edo talde osoa astoa izatea. ASTO HITZ jolasa lehenengo erakoa da. Asto bakarreko jolas asko ezagutzen dira. Juan Garmendia Larrañagak, esaterako, Baigorrin, BIZKAR JAUZIKA eta BURUZKAINKA izenekin ezagutzen ziren jolasak jaso zituen. Etniker taldeak ere honelako jolas asko jaso ditu: PRIMARIA JOKOA, ASTO-ASTOKA, SALTOMATXIN, PRIMOKA… Oskorrik argitaratutako “Kantuen Testamentua” diskoan BAT MATXIN PARRAT jolasa ageri da.

ASTO HITZ jolasak beste ezaugarri bat ere badu: salto egiteko garaian hitzak esan behar dira. Bizkaia aldean hitzekin astoka aritzeko jolasak oso ezagunak ziren. Bilduma honetan jaso dugun aldaera Bermeoko Joseinas Berrojain irakasleak erakutsi digu. Orain dela 30 urte Bermeoko kaleetan jolasten ziren jolas honetan. Portugaleten jolasten zen “Dólar con rayo” eta Muskizen jasotako “Al burro” jolasak antzekoak dira.

Aldaerak

*astozainik eta hitz debekaturik gabe
Hitz debekaturik gabe jolastuz gero, ez da behar astozain papera betetzen duen pertsonarik. Astoak hitz multzo bat aipatuko du eta salto egiten dutenek hitzak esan beharko dituzte. Ezin dira hitzak errepikatu eta azkar egin behar da salto, pentsatzeko denborarik hartu gabe. Huts egiten duenak astoaren papera beteko du.

Esamoldeak

  • ASTOZAINA:
    Epailea, ama edo agintaria (astoarekin batera hitz debekatuak aukeratzen dituen laguna).
  • ASTOA:
    Makurtuta jartzen den laguna.
  • HUTS EGIN:
    Gaizki egin, kale egin, txarto egin (jolas honetan, hitzak ez esatea, hitzak errepikatzea edo hitz okerra esatea).
    Adibidez:
    “Peiok huts egin du, Anek esandako hitza errepikatu duelako”

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimenduzkoa eta hiztegi jokoa.
  • Jarduera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua (hitzak esan).
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea (salto). Eraginkortasuna: arintasuna eta kontzentrazioa.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Iruditan