BALOIAREKIN KORRIKA

BALOIAREKIN KORRIKA

Partaide kopurua

Gutxienez 4 (hobe gehiago)

Baliabideak

Baloia

Espazioa

Edozein

Azalpena

1. Erdian nor geratuko den zozketatu ondoren, jokalari guztiak biribilean jarriko dira. Erdiko laguna eserita egongo da eta biribilekoak, berriz, zutik.

2. Baloia eskuz esku pasatzen hasiko da erdiko jokalaria, begiak itxita dituelarik, hogeitik behera zenbatzen duen bitartean (20, 19, 18…). Zenbaketa isilean egingo du, biribileko jokalariek ez entzuteko moduan.

Hamarrera iristerakoan beso bat luzatuko du “KO” ozenki esanez, eta hortik behera zenbatzen jarraituko du (9, 8, 7…). Bostera iristerakoan, beste besoa luzatuko du “RRI” ozenki esanez eta, azkenik, zerora iritsi bezain pronto bi besoak buru gainean jarriko ditu eta txalo eginez “KA” oihukatuko du. “KA” esan duen unean baloia zuen biribileko jokalariak lurrean eseri beharko du, hankak luzatuta.

3.Jolasa errepikatuko da pixkanaka-pixkanaka biribileko jokalari guztiak eserita gelditu arte. Oso garrantzitsua da baloia eskutik eskura pasa behar dela ohartaraztea, hau da, ezin dela baloia bota. Beraz, biribileko bi langunen artean norbait eserita badago, honen hankaren gainetik salto egin behar da baloia hurrengo jokalariari eskura emateko.

Oso talde handiak baditugu bi baloi erabil daitezke. Honela ez da jolasa gehiagi luzatuko eta biribilekoek ez dute hainbeste itxaron beharko baloia beren eskuetara heltzeko.

Informazio soziokulturala

Jolas hau gaur egun oso ezaguna da haurren artean. Nahiko jolas berria dela esan daiteke, orain dela 20 urte modan jarria. Talde handietan jolasteko oso aproposa da, oso azkarra delako; gainera inor ez da baztertuta gelditzen, eseritzen direnek ere garrantzi handiko zeregina betetzen baitute jolas honetan. Oso jolas dibertigarria da tentsioa denbora guztian mantentzen delako. Izen ezberdinekin ezaguna da; BONA da izenik ezagunena, baina dena den edozein hitz erabil daiteke.

Aldaerak

*oso talde handietan
Oso talde handiak baditugu bi baloi erabil daitezke. Honela ez da jolasa gehiagi luzatuko, eta biribilekoek ez dute hainbeste itxaron beharko baloia beren eskuetatik pasa arte.

Esamoldeak

  • HUTS EGIN
    Gaizki egin, kale egin.
  • KORROAN:
    Biribilean, kirrinkiloan, errondan.
  • BETE IZAN:
    Betetzea, txito izan, zigortua, itsu izan, (jolas honetan erdian dagoena).

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimendu eta adimen estrategiako jolasa.
  • Jokaera kognitiboak:
sentipen-mugimenduzko jokaera: errepikapena. Eragiketa jokaera konkretua: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea eta oratzea. Eraginkortasuna: trebetasuna eta lastertasuna.
  • Alderdi sozialak:
Bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Iruditan