HARIA MATAZA

HARIA MATAZA

Partaide kopurua

Gutxienez 5 (hobe gehiago)

Baliabideak

Soka

Audioa deskargatu

Espazioa

Kalea edo gela zabal bat, nahiko altuera baldin badu.

Azalpena

1. Bi taldekidek sokari goraka eragiten dioten bitartean, besteek ilara batean itxarongo dute. Abestiarekin batera, salto bana egin beharko dute banan-banan eta jarraian.

HARIA hitza aipatzen denean, lagun bat sokan sartuko da, salto bat egingo du eta atera egingo da (“bana egitea”). Hurrengo hitzarekin (MATAZA), ilaran haren atzean zegoenak berdin egingo du: sokan sartu, salto bat egin eta sokatik atera. Berdina errepikatuko dute abestiaren hitz guztiak esan arte. Abestia behin eta berriro abestuko dute jolaskide guztiak pasatu arte.

3. Lagun guztiek salto bana egin dutenean, abestia berriro errepikatuko da, baina oraingo honetan jokalari bakoitzak bi salto egingo ditu (“bina egitea”). Lehengo saltokariak HARIA eta MATAZA hitzekin bi salto egingo ditu. Jarraian, bigarren saltokaria sartuko da eta LODIA eta SAN PEDRO hitzekin beste bi salto egingo ditu. Oraingo honetan ere, jolaskide guztiak pasatu arte errepikatuko da abestia.

4. Azkeneko txandan, jolaskide bakoitzak hiru salto egin beharko ditu (“hiruna egitea”). Lehengoak HARIA, MATAZA eta LODIA hitzekin salto egingo du, eta bigarrenak, berriz SAN PEDRO, TXIKIA eta FUERA hitzekin.

Abesti osoa saltokari bakarrak ere egin dezake: jolaskide bat sokan sartzen da eta gainerakoek abestia osorik abesten duten bitartean azkar-azkar salto egiten du. Honela jolaskide bakoitzak abesti osoa egiten du saltoka.

Informazio soziokulturala

Aspaldiko jolas hau jarraian salto egiteko sokasaltoko jolasa da. Juan Garmendia Larrañagak Tolosan jaso zuen aldaeran hitz hauek erabiltzen dira: “HARIA, MATAZA, LODIA, SAN PEDRO, TXIKIA”. Ikerlari berak antzeko jolas bat jaso zuen Berrobin, hitz hauekin egiten zena: “BATA, BIA, HIRUA, HARIA, MATAZA, LODIA”. Bilduma honetan agertzen den abestiaren hitzak Adunako Eskolan jaso dira. Bertako haurrek jolas hau erabiltzen dute sokasaltoan aritzeko.

Aldaerak

*Adunako aldaera

Aduna herrian (Gipuzkoa) honela jolasten dira: jolaskide bat sokan sartzen da eta gainerakoek abestia osorik abesten duten bitartean azkar-azkar salto egiten du. Honela jolaskide bakoitzak abesti osoa egiten du saltoka.

Esamoldeak

  • SOKARI ERAGIN: Soka eman. Adibidez: Itziarrek eta Mikelek sokari eragingo diote. Itziarrek eta Mikelek soka emango dute.
  • HUTS EGIN: Gaizki egin. Adibidez: Mattinek huts egin du, sokarekin trabatu delako.
  • BANA EGITEA: Jokalari bakoitzak salto bakarra egitea.
  • BINA EGITEA: Jokalari bakoitzak bina salto egitea.
  • HIRUNA EGITEA: Jokalari bakoitzak hiruna salto egitea.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
entzumenezko, mugimenduzko eta trebetasunezko jolasa.
  • Jokaera kognitiboak:
sentipen-mugimenduzko jokaera erritmikoa: errepikapena.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea (saltoa). Eraginkortasuna: lastertasuna.
  • Alderdi sozialak:
kooperazio motako harremana.

Abestia

Haria

mataza

lodia

San Pedro

txikia

fuera!

Iruditan