HARRI ORRI AR

HARRI ORRI AR

Partaide kopurua

2

Espazioa

Edozein

Azalpena

Beste jolas bat egin aurretik, jolasten nor hasiko den edo nork bete beharko duen aukeratzeko erabili dezakegu.

1. Bi lagun aurrez aurre jarriko dira eta eskuak bizkar atzean gordeko dituzte. “HARRI-ORRI-AR” batera esan ondoren eskuak aurrealdean erakutsiko dituzte hatzekin harria, papera (orri) edo artaziak (ar) irudikatuz:

  • harri: eskua itxita
  • orri: hatz guztiak zabalduta
  • ar: bi hatz zabalduta eta besteak bilduta.

2. Harriak artazia txikitzen du, artaziak papera mozten du eta paperak harria biltzen du. Beraz, bakoitzak atera duenaren arabera bestearen aurka irabazi edo galdu egingo du, eta galtzaileak jarraian egingo den jolasean (ezkutaketa, harrapaketa…) bete beharko du.

Bakoiti bikoiti moduan ere jolas daiteke. Batek zenbaki bikoitiak aukeratuko ditu, eta besteak, bakoitiak. Besoak bizkar atzera eraman eta “bat, bi eta hiru” kontatzean bakoitzak nahi adina hatz erakutsi behar ditu. Ateratzen dituzten hatz guztiak kontatu eta zenbakia bikoitia ala bakoitia izan, horren arabera erabakiko da nork betetzen duen. Horrela, haur batek zenbaki bikoitia aukeratu badu eta hatz guztiak kontatzean emaitza bikoitia bada, berak irabaziko du.

Bi jolaskide baino gehiago daudenean, antzeko jolas hau egin dezakegu: denok biribil batean jarrita “bat, bi eta hiru” esan ondoren, bakoitzak esku bat aterako du, nahi dituen hatzak erakutsiz. Jolaskide guztiek atera dituzten hatzak zenbatuko dira, eta ondoren jolaskide batek atera den zenbakia zenbatuko du biribilean daudenak banan-banan seinalatuz. Zenbakia egokitzen zaionak jolasa galduko du.

Informazio soziokulturala

Eskuekin zozketa egiteko jolasak oso zaharrak dira eta kultura anitzetan zabalduta daude. Gaztelaniazko aldaera batean, “A PARES O NONES”, erromatarrek ekarritako latinaren aztarna nabaria da. Francisco Rodriguez ikertzailearen ustez, jolasaren izena jolasteko erabiltzen diren esamoldeetatik dator. Jokalari batek latinez “par est?” galdetzerakoan besteak “non est” erantzuten baitzuen.

Aldaerak

*bakoiti-bikoiti
Harri-orri-ar jolasean bezala, bi jolaskideak aurrez aurre jarriko dira. Batek zenbaki bikoitiak aukeratuko ditu, eta besteak, bakoitiak. Besoak bizkar atzera eraman eta “bat, bi eta hiru” kontatzean bakoitzak nahi adina hatz erakutsi behar ditu. Ateratzen dituzten hatz guztiak kontatu eta zenbakia bikoitia ala bakoitia izan, horren arabera erabakiko da nork betetzen duen. Horrela, haur batek zenbaki bikoitia aukeratu badu eta hatz guztiak kontatzean emaitza bikoitia bada, berak irabaziko du.

*hatzetara
Bi jolaskide baino gehiago daudenean, antzeko jolas hau egin dezakegu. Denok biribil batean jarrita “bat, bi eta hiru” esan ondoren, bakoitzak esku bat aterako du, nahi dituen hatzak erakutsiz. Jolaskide guztiek atera dituzten hatzak zenbatuko dira, eta ondoren jolaskide batek atera den zenbakia zenbatuko du biribilean daudenak banan-banan seinalatuz. Zenbakia egokitzen zaionak jolasa galduko du.

Esamoldeak

  • BETE IZAN:
    Txito izan, zigortua, itsu izan, izan, betezea (jolas honen ondorioz beste jolas batean zerbait egiteko aukeratuko den laguna)
  • EGOKITU:
    Tokatu
    Adibidez:
    Zuri egokitu zaizu bete izatea; zuri tokatu zaizu bete izatea

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
Ausazko jokoa.
  • Jokaera kognitiboak:
jokaera sinbolikoa: sinboloak gogora ekartzea. Eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Alderdi sozialak:
Bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Iruditan