KANIKAK JO ETA ZULORA

KANIKAK JO ETA ZULORA

Partaide kopurua

Gutxienez 2

Baliabideak

Kanikak

Espazioa

Lurrezko zelai bat

Azalpena

1. Jokalari bakoitzak kanika batekin jokatuko du. Jolastokia belar gabeko zelai bat izan daiteke. Bertan zulo bat egingo da, 10 zentimetroko diametrokoa, gutxi gorabehera. Hasi aurretik aukeratuko da zein izango den zulotik ateratzen azkenekoa, honek izango baitu abantaila.

 

2. Ondoren, banan-banan, jokalari bakoitzak bere kanika zulotik nahi duen tokira botako du.

Helburua beste jokalari baten kanika jotzea eta, ondoren, bakoitzaren kanika zuloan sartzea.

Horretarako arau batzuk daude:

–         Txandak: normalean txandak hasieran bezala mantenduko dira, baina txanda duenak beste norbaiten kanika joz gero, berriro botatzeko aukera edukiko du, eta zuloan sartzen saiatuko da. Horren ondoren, kanika jo diotenak izango du botatzeko aukera, txanda itxaron gabe.

–         Kanikak jotzea edo kroxke egitea: edozein kanika jo daiteke eta jokaldi batean kanika bat baino gehiago jo daitezke. Kanika bati kroxke egin ondoren beste bat jotzen saiatu daiteke eta, lortuz gero, zulora sartzeko aukera izango dua

–         Zuloan sartzea: edozein unetan sar daiteke kanika zuloan. Txanda duenak beste norbaiten kanika kolpatu ondoren bere kanika zuloan sartuz gero, kolpatua izan den kanika irabaziko du. Beste norbaiten kanika jo gabe norbaitek bere kanika zuloan sartuko balu, berriro botatzeko aukera izango luke.

–         Kanika bera bi aldiz jotzea: kanika berari bi aldiz kroxke egiteari klis egitea esaten zaio eta kolpe hori balio gabekoa da.

–         Beste norbaiten kanika jotzea eta kanika hori zuloan sartzea: hori gertatuz gero zuloan erori den kanikaren jabeak “hirutik bat” esango du kanika jo duenak “ateratzea” esan baino lehen, orduan zuloan sartu den kanikaren jabeak irabaziko du kanika jo duenaren kanika. Alderantziz esanez gero, kanika jo duena saiatuko da kanika zulotik ateratzen bere kanika altuera jakin batetik zuzen botata.

Jolasari hasiera emateko bakoitzaren kanika marra batetik jaurti eta zuloan sartzen ere saiatu gaitezke. Helburua lortzen duena edo zulotik hurbilen gelditzen dena aterako da lehenik, besteen kanikak kolpatzen saiatzeko. Beste jokalarien kanikak erori diren tokian bertan utzi behar dira.

Informazio soziokulturala

Kanika jokoa mundu guztian zehar eta garai guztietan joko zabalduenetako bat izan da. Egungo beirazko kanikak sortu aurretik beste gauza batzuekin jolasten ziren: fruituak (intxaurrak, poxpolinak, hurrak ezkurrak…), harrizko edo buztinezko kanikak, fruituen hezurrak (melokotoienak, albarikokeenak…) eta abar. Joan den mendearen hasieran beirazko kanikak merkaturatzen hasi ziren eta beste elementuak baztertzen joan ziren pixkanaka-pixkanaka. Ehunka modu daude kanikekin jolasteko jolas bakoitzak helburu jakin bat du: kanikak zuloan sartzea, kanikak zulotik ateratzea, kanikak hiruki batetik ateratzea, besteen kanikak jotzea, kaniken lasterketa egitea… Zabalduena hemen aipatu dugun jokoa da, hala ere herri bakoitzean arauak zertxobait aldatzen dira. Gaur egungo herri eta hirietan nahiko zaila izaten da kanikekin jolasteko toki egokiak topatzea, porlanezko lurrak ez baitira egokiak.

Aldaerak

*hasieran zuloan sartzen saiatzea

Jolasari hasiera emateko bakoitzaren kanika marra batetik jaurti eta zuloan sartzen saiatu gaitezke. Helburua lortzen duena edo zulotik hurbilen gelditzen dena aterako da lehenik, besteen kanikak kolpatzen saiatzeko. Beste jokalarien kanikak erori diren tokian bertan utzi behar dira.

Esamoldeak

  • KANIKETAN JOLASTEA: Bolatan (Goizueta), kroxken (berastegi)
  • KANIKAK JOTZEA: Kroxke egitea (Berastegi), kotx egitea, krisk egitea (Ataun)
  • KANIKA BERA BI ALDIZ JOTZEA: Klis egitea (Villabona)
  • ZULOA: Zuloa, txuloa, botxo (Bizkaian), plott (Ataun)
  • ESKUA AURRERATZEA: (tranpa egiteko asmoz): xarpa egin
  • KANIKAK APUSTUAN JARTZEA (besteen kanikak irabaztea) ALA EZ = benetan ala gezurretan, benetan ala olgetan

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
trebetasunezko eta adimen estrategiazko jokoa.
  • Jarduera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
eraginkortasuna: zehaztasuna eta trebetasuna.
  • Alderdi sozialak:
bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Iruditan