KROMOAK

KROMOAK

Partaide kopurua

Gutxienez 2

Baliabideak

Kromoak

Espazioa

Edozein

Azalpena

1. Jokalari bakoitzak kromo batzuk izango ditu jolasaren hasieran. Denon artean zenbat kromo jarri behar diren lurrean erabakiko da eta bakoitzak bere kromoak jarriko ditu, marrazkia behera begira dutela. Pila bat kromo osatuko dute guztien kromoekin.

2. Lehenengo txanda egokitzen zaion jokalariak kromoei kolpe bat joko die eskuarekin (eskua koilara baten moduan jarriko da), eta ahalik eta kromo gehien buruz gora jartzen saiatuko da. Marrazkia gora begira dutela geratzen diren kromoak berarentzat izango dira.

3. Ondoren, bigarren jokalariak berdin egingo du. Jolaskide guztiak saiatuko dira ahalik eta kromo gehien iraultzen, kromo guztiak biratu arte.

4. Azken kromoa iraultzea lortzen duen jokalariak erabakiko du hurrengo txandan zenbat kromo jarri behar diren, baita nolako kromoak izan behar duten ere: handiak ala txikiak, distiratsuak, irudi jakin batekoak…. Gainera, jolaskide hau hasiko da hurrengo txandan jolasean.

Kromoak paretaren kontra jarrita ere joka daiteke. Jokalariek kromo bana jarriko dute pareta baten kontra, eta erortzen utziko dituzte. Ondoren banan-banan beste kromo bat erortzen utziko dute, lurrean dauden kromoen gainean eror dadin ahaleginduz. Botatako bigarren kromoak lurrean dagoen baten bat ukitzen badu, orduan bota duen jokalariak kromo hori irabaziko du. Berdin egin daiteke mahai edo koska batetik hatzekin kromoak boteaz.

Informazio soziokulturala

Joko hau ez da ia erabiltzen gaur egun. Hala ere, orain dela gutxi arte, arrakasta handiko jokoa zen eta oso zabalduta zegoen. Kromoak dendetan erosten ziren eta alde batetik zuriak ziren eta bestetik marrazki bat zuten. Tamaina eta irudi ezberdinetakoak izaten ziren, eta itxuraren arabera balio gehiago edo gutxiago zuten. Normalean handienak eta distiratsuenak zirenek balio handiago zuten. Kromoak saltzen hasi aurretik etxeko materialarekin egiten ziren: poxpolo kutxak, kartoi margotua, aldizkari eta egunkarietako marrazkiak… Kromoak bilduma egiteko ere erabiliak izan dira, eta batzuetan “txanpon” moduan erabiltzen ziren beste jokoetan.

Aldaerak

*kromoak paretatik

Aldaera hau ez da hain ezaguna. Jokalariek kromo bana jarriko dute pareta baten kontra, eta erortzen utziko dituzte. Ondoren banan-banan beste kromo bat erortzen utziko dute, lurrean dauden kromoen gainean eror dadin ahaleginduz. Botatako bigarren kromoak lurrean dagoen baten bat ukitzen badu, orduan bota duen jokalariak kromo hori irabaziko du. Berdin egin daiteke mahai edo koska batetik hatzekin kromoak boteaz.

Esamoldeak

  • KROMOAK JO (eskuarekin kromoa jotzea, buruz gora jar dadin)

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa: trebetasunezko jolasa.
  • Jokaera kognitiboak: sentipenezko eta mugimenduzko jokaera: errepikapena. Eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak: eraginkortasuna: zehaztasuna eta trebetasuna.
  • Alderdi sozialak: bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Iruditan