MENDIRA JOAN BEHAR DUT

MENDIRA JOAN BEHAR DUT

Partaide kopurua

Gutxienez 5 (hobe gehiago)

Baliabideak

Audioa deskargatu

Espazioa

Edozein

Azalpena

1. Jolaskide guztiak, bat izan ezik, bi taldetan banatuko dira: A taldea eta B taldea. Bi taldeetatik kanpo geldituko dena “mendizalea” izango da. Talde bakoitzak lerro bat osatuko du eta beste taldeko lerroaren aurrez aurre jarriko da.

2. Abesten hasi aurretik, mendizaleak motxilan sar ditzakeen hiru gauza aipatuko ditu. Adibidez: “MOTXILAN SARTZEKO HIRU GAUZA HAUEN ARTEAN BAT AUKERATUKO DUT: KANTINPLORA, LINTERNA EDO OGITARTEKOA” esango du. Hitz horiek esan ondoren bi taldeek osatutako bi lerroen artean saltoka hasiko da, beste jolaskide guztiek txaloka abestia abesten duten bitartean.

3. Abestiaren lehenengo zatia abestu ondoren, mendizalea A taldeko lagun baten aurrean jarriko da. Hau da, “IRISTEAN GORA ” esaldia abestu ondoren, A taldeko “laguntzaile” bat aukeratuko du eta aukera ditzakeen hiru gauzen artean zein aukeratu duen esango dio belarrira.

4. Hori esan ondoren, mendizalea eta A taldetik aukeratutako laguntzailea bi lerroen artean ibiliko dira dantzan eta saltoka, elkarri eskutik helduta. Beste jolaskide guztiek, bitartean, abestiaren bigarren zatia abestuko dute txaloka.

5. Abestiaren bigarren zatia bukatzean, mendizalea eta bere laguntzailea B taldeko lagunengana joango dira eta galdetuko diete: “ZER AUKERATU DUGU MOTXILAN SARTZEKO?”. B taldekoek asmatu egin beharko dute hiru gauzen artean mendizaleak eta laguntzaileak zein aukeratu duten. Asmatuz gero, mendizalea B taldera pasako da. Asmatzen ez badute, mendizalea A taldean geratuko da.

6. Hau egin ondoren jolasa hasieratik errepikatzen da, baina oraingoan aurreko txandan laguntzailea izan dena mendizale dela. Aurrekoan bezala, abesten eta saltoka hasi aurretik mendizaleak hiru gauzen izena ozen esan beharko du. Adibidez, lo zakua, txapela eta berokia.

7. Bigarren txanda honetan mendizale berriak B taldeko laguntzaile bat aukeratu beharko du. Era berean, motxilan eramateko aukeratutako gauza asmatzen A taldekoak saiatuko dira.

Jolasa behin eta berriro errepikatzen da eta talde bakoitzeko taldekide kopurua aldatuz joango da.

Lerrotan jarrita, baina talderik egin gabe ere jolas daiteke. Aldaera honetan jolasaren dinamika errazagoa da. Lerroetan dauden jolaskideak ez dira talde bateko partaide izango. Mendizaleak ez ditu motxilan sartzeko gauzak aukeratu behar. Lerroen erditik dantza egingo du besteek txaloka abesten duten bitartean. Abestiaren erdian lagun bat aukeratuko du eta bigarren zatia biek elkarri eskutik helduta dantzatuko dute lerroen artean. Abestia bukatzen denean, erdiko jokalari berria bertan geratuko da eta hurrengo txandako mendizalea izango da, eta bestea, berriz, lerro batean jarriko da.

Informazio soziokulturala

Zotz egiteko abestitxoak oso ezagunak dira herri guztietan. Honelako abestiak edozein jolas egin aurretik erabiltzen dira bete beharko duen jokalaria aukeratzeko. Euskaraz abesti ugari aurki ditzakegu honelako jolasak egiteko. Gaur egun, Euskal Herrian gehien entzuten direnak DONA DONA KATONA eta DON DON KIKILIKON dira. Hemen bildu dugun abestitxoa Manuel Lekuonak jaso zuen eta zozketa jolas moduan erabiltzen zela adierazi zuen. Hala ere, Sara edo Hendaian haurtxoari abetsen zioten jateko garaian. Duny Pétré ikerlariak jaso zuen guk erabili dugun abestiaren aldaera.

Aldaerak

*bi lerrotan, baina taldeak egin gabe

Aldaera honetan jolasaren dinamika errazagoa da. Lerroetan dauden jolaskideak ez dira talde baten partaide izango. Mendizaleak ez ditu motxilan sartzeko gauzak aukeratu behar. Lerroen erditik dantza egingo du besteek txaloka abesten duten bitartean. Abestiaren erdian lagun bat aukeratuko du eta bigarren zatia biek elkarri eskutik helduta dantzatuko dute lerroen artean. Abestia bukatzen denean, erdiko jokalari berria bertan geratuko da eta hurrengo txandako mendizalea izango da, eta bestea, berriz, lerro batean jarriko da.

Esamoldeak

  • MENDIZALEA / BETE IZAN: Betetzea (jolas honetan, bi lerroen artean dabilen laguna). Adibidez: Nor da bete? Zozketa egin ondoren, Joxepari egokitu zaio bete izatea. Beraz, Joxepak beteko du.
  • DANTZATZEN: biribilketan, saltoka. Adibidez: Mendizalea lerroen artean dantzan ibiliko da.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
joko sinbolikoa eta entzumenezkoa.
  • Jokaera kognitiboak:
jokaera sinbolikoa: sinboloak gogora ekartzea.
  • Trebetasun funtzionalak:
imitazioa: rolen erreprodukzioa.
  • Alderdi sozialak:
mota mistoko harremana (gizabanako-gizabanakoa eta talde motakoa).

Abestia

Mendira joan behar dut nik

Txindoki, Anbotora

Udalaitz, Aratz, Orhi,

Gorbeia edo Auñamendira.

Motxila egin behar dut

ibiltzeko gustura

pozaren pozez egongo naiz

iristean gora.

Laguntza eskean nator

ez dakit nondik hasi

motxila zahar hau

ongi egiten nahi dut ikasi.

Esango al didazue

gozo gozo eta ez gazi

ez da entzuten esan ozenki

edo egin garrasi.

Motxila egin behar dut

ibiltzeko gustura

pozaren pozez egongo naiz

iristean gora

pozaren pozez egongo naiz

iristean gora.

Iruditan