PASA EZAZU HARIA

PASA EZAZU HARIA

Partaide kopurua

Gutxienez 5 (hobe gehiago)

Baliabideak

Audioa deskargatu

Espazioa

Nahiko toki zabala

Azalpena

1. Jolaskide guztiek lerro bat osatuko dute elkarri eskutik helduta. Lerroko lehenengo lagunak horma baten kontra jarriko du ezkerreko eskua, ezkerreko besoarekin zubi moduko bat osatuz.

2. Guztiak abestia abesten hasiko dira eta lehenaren ezkerreko besoarekin osatutako “zubitxoaren” azpitik pasatuko dira katea puskatu gabe. Denak pasatu direnean, harek buelta emango du zegoen tokitik mugitu gabe, eta eskuak hormatik eta bigarren jokalariengandik askatu gabe. Hau egin ondoren, lehena honela geldituko da: ezkerreko besoa lepoaren inguruan, ezkerreko eskua hormaren kontra, eskuineko eskua bigarrenaren ezkerreko eskuari helduta eta bizkarra hormaren kontra.

3.Berriro ere abesteari ekingo diote, baina, oraingo honetan, “zubitxoa” lehenaren eskuineko besoarekin eta bigarrenaren ezkerreko besoarekin osatzen dutela. Jokalari guztiak, lehen biak izan ezik, “zubi” honetatik pasatuko dira eta, bukaeran, bigarrenak buelta emango du: ezkerreko besoa lepoaren inguruan eta lehenaren eskuari helduta, eskuineko eskua hirugarren jokalariari helduta eta bizkarra lehenaren gorputzaren kontra dituela geldituko da.

4. Gauza bera egingo da behin eta berriro denak beste ilara batean geratu arte. Ilara berrian jolaskideek gorputzak bata bestearen kontra edukiko dituzte. Orduan, lerroan dagoen azkeneko laguna lerroan dagoen aurrenekoarengana joango da katea askatu gabe eta aske duen eskuarekin (eskuinekoarekin) haren ezkerreko eskua helduko du.

5. Horrela, jolaskide guztiek biribila osatuko dute besoak gurutzatuta dituztela. Orduan, besoak alde batera eta bestera mugitzen hasiko dira ZERRA ZERRA EGURRA, EGUR GOGOR GOGORRA esaten duten bitartean. Bi aldiz errepikatuko dute esaldi hau, lehenengo aldian mantso-mantso eta bigarren aldian azkar. Bukatzeko BAT, BI, HIRU esango dute eta eskuak askatuko dituzte.

Informazio soziokulturala

Jolas hau frantsesezko jolas ezagun baten euskarazko aldaera dugu. Iparraldeko Ikastoletan jolasteko modu hau oso ezaguna eta erabilia da. Hendaiako Ikastolako Maddi Zubeldia irakasleak eta bere ikasleek erakutsi ziguten hemen agertzen den aldaera.

Esamoldeak

  • ZUBITXOA: Bi lagunen artean elkarri eskutik helduta osatzen duten zubia.
  • BIRIBILEAN: Kirrinkiloan, errondan, korroan. Adibidez: Jolasaren azkeneko zatian jokalari guztiak biribilean (kirrinkiloan, korroan, errondan) jartzen dira.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
entzumenezko jokoa.
  • Jarduera kognitiboak:
sentipen-mugimenduzko jokaera erritmikoa.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea. Eraginkortasuna: trebetasuna.
  • Alderdi sozialak:
kooperazio motako harremana.

Abestia

Pasa ezazu haria

dendaria maitia

pasa ezazu haria

denbora badoa.

 

Tralara zerra zerra egurra

egu gogor gogorra

zerra zerra egurra

egur gogor gogorra.

 

Pasa ezazu haria

dendaria maitia

pasa ezazu haria

denbora badoa.

 

Tralara zerra zerra egurra

egu gogor gogorra

zerra zerra egurra

egur gogor gogorra.

 

Pasa ezazu haria

dendaria maitia

pasa ezazu haria

denbora badoa.

 

Pasa ezazu haria

dendaria maitia

pasa ezazu haria

denbora badoa tralara.

Iruditan