TXIRIKILA

TXIRIKILA

Partaide kopurua

Gutxienez 2 (hobe gehiago)

Baliabideak

Bi makila: 1. Txirikila (motza: 10-20 cm, bi muturrak zorrotzak) 2. Makila (luzeagoa: 50-100 cm)

Espazioa

Kalean, toki zabalean

Azalpena

1. Jolasean hasi aurretik jokalari guztiak bi taldetan banatuko dira. Zer talde hasiko den jakiteko, talde bakoitzetik jokalari bat txirikila ahalik eta urrutien bidaltzen saiatuko da, makilarekin jota.

2. Urrutien bota duen taldea lurrean margotutako biribilaren inguruan jarriko da, eta taldekide batek makila eskuan hartuko du txirikila jotzeko. Beste taldeko jokalariak jolas eremuaren inguruan geratuko dira txirikila hartzeko.

3. Jokalariak, txirikila biribilaren barruan jarri ondoren, esaldi hau oihukatuko du: “TXIRIKILA TXIRIKILA -HASI ORAINTXE HONEN BILA”.

Beste taldekoek, prest badaude, hau erantzungo diote: “TXIRIKILA TXIRIKILA – ERABIL EZAZU MAKILA”. Orduan lehenak txirikilari kolpea emango dio makilaz, mutur batean, lurraren kontra. Kolpe honen ondorioz, lurretik altxatuko da eta jarraian, beste kolpe bat emango dio, txirikila airean dagoenean, ahalik eta urrutien bidaltzeko.

Hiru aukera izango ditu txirikila biribiletik ateratzeko. Lortzen ez badu, kanporatu egingo dute eta bere taldeko hurrengo jokalaria saiatuko da txirikila jotzen.

4. A taldeko jokalari batek txirikila jo eta biribiletik ateraz gero, B taldekoak txirikila hartzen saiatuko dira. Airean hartuz gero txirikila jo duen A taldeko jokalaria kanporatu egingo dute. Lurrera erori ondoren hartzen badute biribilean sartzen saiatuko dira, baina txirikila hartu duten tokitik mugitu gabe. Biribilaren barruan dagoen A taldeko jokalariak makilarekin ekidin dezake txirikila biribilean sartzea.

5. B taldekoak txirikila biribilean sartuz gero, talde aldaketa egingo da eta B taldekoak jarriko dira txirikila jotzen. Beraz, jolasa bigarren puntutik berriro hasiko litzateke.

6. B taldekoek ez badute txirikila biribilean sartzen, txirikila erori den tokitik A taldeko jotzailea denak berriro makilaz joko du txirikila ahalik eta urrutien bidaltzeko. Ondoren biribiletik txirikila erori den tokira dagoen distantzia neurtuko da.

7. Neurketa makilarekin egiten da. Hala ere, distantzia neurtu aurretik A taldekoek “apustu” egin behar dute, hau da, saiatu behar dute txirikila zer distantziara dagoen asmatzen ( 40 makila, 35 makila…). B taldekoek A taldekoek esandako neurria onartuz gero, puntu horiek A taldekoek irabaziko dituzte.

Ez badute neurri hori onartzen, berriz, makilarekin neurtu beharko da: esandakoa baino gehiago neurtuz gero, distantzia guztia kontatuko da puntu moduan. Adibidez, A taldekoek 35 makila esan badute eta neurtu ondoren 40 makilako neurria ateratzen bada, A taldekoek 40 puntu irabaziko dituzte. Esandakoa baino gutxiago neurtuz gero, A taldeak ez du punturik irabaziko.

Lurrean biribila margotu ordez, zenbait herritan beste elementu batzuk erabiltzen zituzten:

–         Makila: metro bateko makila bi harriren gainean jartzen da zubi bat osatuz; txirikila jasotzen duen taldekoen helburua txirikilarekin zubia osatzen duen makila jotzea izango da.

–         Harria edo zuhaitza: harri handi bat edo zuhaitz bat erreferentzia gisa jarriko da. txirikila jasotzen duen taldearen helburua, txirikilarekin harria edo zuhaitza jotzea izango da.

Bi jokalariren artean ere jolas daiteke. Arauak berdintsuak dira: jokalari bat txirikila biribiletik ahalik eta urrutien botatzen saiatuko da eta besteak hartu egin beharko du. Ondoren, biribilean sartzen saiatuko da.

Informazio soziokulturala

TXIRIKILAREN jolasa oso zabalduta egon zen Euskal Herri osoan. Jolasteko modu asko daude, baina aldaera guztiek bi ezaugarri komun dituzte: bi taldetan banatuta egiten da jolas eta bi makila erabili behar dira. Europan zehar ere oso ezaguna zen aspaldiko joko hau: Italian, adibidez, LIPPA S-CIANCO izenarekin ezagutzen da eta Alemaniako KIPPEL-KAPPEL jolasak ere ezaugarri berak ditu. Gaur egun ez da inon erabiltzen. Jolas hau bi arrazoirengatik desagertu da; alde batetik espazio oso zabala behar da txirikilan aritzeko eta egungo herri eta hirietan jolasteko espazio handirik ez dago; bestetik, helduen iritziz arriskutsua izan daiteken jolasa da.

Aldaerak

*biribilaren ordez makila, harria edo zuhaitza

Lurrean biribila margotu ordez, zenbait herritan beste elementu batzuk erabiltzen zituzten: MAKILA: metro bateko makia bi harriren gainean jartzen da zubi bat osatuz; txirikila jasotzen duen taldekoen helburua, txirikilarekin zubia osatzen duen makila jotzea izango da. HARRIA edo ZUHAITZA: harri handi bat edo zuhaitz bat erreferentzia gisa jarriko da; txirikila jasotzen duen taldeko helburua, txirikilarekin harria edo zuhaitza jotzea izango da.

*bi jokalariren artekoa

Arauak berdintsuak dira: jokalari bat txirikila biribiletik ahalik eta urrutien botatzen saiatuko da, eta besteak hartu egin beharko du eta, ondoren, biribilean sartzen saiatuko da.

Esamoldeak

  • JOLASA IZENDATZEKO MODUAK: HIRULARIO (Nafarroa) KATUZIL (Nafarroa) KALDERON (Araba) PILOTXO (Araba) TXIKOLETAN (Araba) TINGLA (Bizkaia) TXIRIKILA (Bizkaia)
  • MAKILAK IZENDATZEKO MODUAK: MAKILA LUZEA: Makila, Kalderon, Manila, Galderoia. MAKILA MOTZA: Txirikila, Pilotxo, Ziri, Hirulario, Tingla, Katuzil, Txikiloi.
  • TALDEAK IZENDATZEKO MODUA: AURREKOAK: txirikila makilaz jotzen duen taldea. ATZEKOAK: txirikila jasotzeko zain dagoen taldea.
  • HUTS EGIN: Gaizki egin, kale egin, txarto egin. Adibidez: Nahiak huts egin du, txirikila jo ez duelako.

Gaitasunak

  • Jarduera ludikoa:
mugimenduko, trebetasun eta estrategiako jokoa (arau konplexuekin).
  • Jokaera kognitiboak:
eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • Trebetasun funtzionalak:
ikerketa: lekualdatzea (korrika). Eraginkortasuna: lastertasuna, trebetasuna eta zehaztasuna.
  • Alderdi sozialak:
talde motako harremana.

Iruditan