HARANTZAGO BEGIRA

HARANTZAGO BEGIRA

[dkpdf-button]

HARANTZAGO BEGIRA

Helburuak

Talde bati jarduera zehatzak gauzatzen laguntzea.

Parte hartzaileak

+10

Garapena

Parte hartzaile bakoitzak bere organizazioari buruzko galdera bati erantzungo dio, idatziz.
Adibidez: Zer lortu nahiko nuke komunitate honen mesedetan bost urteren buruan?
4tik 8ra bitarteko kidez osaturiko taldeak antolatuko ditugu, eta eman dituzten erantzunak elkarrekin partekatu ondoren, eredu ideal bat proposatu beharko dute, informazio horretan oinarritua: nolakoa izango litzatekeen eta nola funtzionatuko lukeen zehaztu beharko dute.
Talde bakoitzak ondo antolatuta egon beharko du, fase honetan lan egiteko:
Koordinatzailea izendatu.
Zenbatek parte hartzen duten idatzi.
Adostu den denbora kontrolatu.
Osoko bileran, talde bakoitzak bere eredu ideiala aurkeztuko du, kartoi mehe edo paper handi batean idatzita. Koordinatzaileak idatzita jasoko ditu aurkezpen guztietan berdinak diren proposamenak. Talde osoari zuzendutako galderen bidez, ekonomia, kultura, antolakuntza… alorretan egon daitezkeen hutsuneak bistaraziko ditugu.
Ereduetako bakoitza eztabaidatu ondoren, bat aukeratu dezakegu: bertute gehien dituela iruditzen zaiguna, adibidez; edo besteak baino egingarriagoa dena. Edo beste eredu bat osatu daiteke eredu guztien ekarpenak erabiliz, “bertuteak” eta “egingarria” irizpideak kontuan hartuta.
Hautatutako ereduan zentratuta, premia handieneko beharrak eta aurrera eraman daitezkeen lanak zehaztuko ditugu, eta oinarrizko plan baten bidez, baita lehenbailehen abiatu beharreko ekintzak ere.
Ondoren, taldeak beste plan bat prestatuko du, “eredu ideala” lortzeko egin beharreko bestelako zereginak nola egin zehazteko: fase hori talde txikitan edo osoko batzarrean egin dezakegu, parte hartzaileak zenbat diren eta jarduera egiteko zenbat denbora dugun. Aurrera eraman beharreko lanak zehaztuko ditugu:
Egin beharreko zereginak.
Kontrolak.
Ebaluazioak.
Arduradunak.
Ondoren, ekintza bakoitza zertan datzan zehaztu beharko dugu.
Gidoi hau erabil daiteke gida gisa:
Zer egingo dugu?
Zertarako?
Nola?
Nortzuk?
Zer bitartekorekin?
Noiz?
Non?
Zer epetan?
Eta abar.

Antolaketa

Aldez aurretik prestatu erabiliko dugun material guztia, egingo ditugun galderak, etab.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

2 ordu.

Materiala

Parte hartzaile bakoitzeko paper eta bolaluma bana.
Arbela.

Aldaerak

Taldearen neurrira edo helburura egoki daiteke jarduera.

Gomendioak

Teknika hau aplikatzerakoan, kontuan izan denbora asko hartzen duen teknika bat dela.
Talde handian edo talde txikietan lan egin dezakegunez, koordinatzaileak erne egon beharko du eta erabaki noiz zer egitea komeni den.

Ebaluazioa

Denbora tarte nahikoa igarotzen utzi ondoren (egoeraren arabera, luzeagoa edo laburragoa), erreparatu ea dinamikan planteatutako egoerak aintzat hartu ote diren.