ITSASOAREN LEGEA

ITSASOAREN LEGEA

[dkpdf-button]

ITSASOAREN LEGEA

Helburuak

Arazo jakin baten kausak (barne kausak zein kanpo kausak) eta ondorioak aztertzea.

Parte hartzaileak

+8

Garapena

Zerrenda bat egingo dugu arazo jakin batek izan dituen eragile eta ondorioekin.
Arrain itxurako papertxoak ebakiko ditugu, eta kanpo zein barne kausen eta ondorioen zerrendan agertzen diren ideia guztiak idatziko ditugu haietan.
Lurrean (klarionez, aulkiekin…) egindako zirkulu batean sartuko ditugu arraintxo guztiak.
Taldea hiru-lau laguneko taldetxotan banatuko dugu eta amu bana emango diogu parte hartzaile bakoitzari: soka batetik zintzilik jarritako klip bat.
Arraintxoak harrapatu behar dituztela azalduko diegu, eta arrain gehien harrapatzen duen taldea izango dela irabazlea. Inork zirkulua zapaltzen badu eta arraintxo bat eskuarekin harrapatzen, zirkulu barrura bueltatu beharko du ordu arte harrapatutako guztia.
Behin arraintxo guztiak harrapatu ondoren, arrainen zenbaketa egingo da, talde irabazlea zein den ikusteko.
Gero, talde bakoitzak bere arraintxoak ordenatu beharko ditu. Horretarako, hiru zirkulu marraztuko ditugu, azpiko marrazkian ikus daitekeen moduan, eta bakoitzaren esanahia azalduko dugu.
Parte hartzaile bakoitzak egoki deritzon zirkuluan jarriko du bere arrainetako bakoitza, zirkulu horretan zergatik kokatu duen azalduz; gainerako parte hartzaileek bat etorri behar dute arrain bakoitzarentzat aukeratutako kokapenarekin.
Behin arrain guztiak zirkuluetan kokatu ondoren, parte hartzaileak hiru taldetan banatuko ditugu; talde bakoitzak xehekiago aztertuko du zirkuluetako bat, eta behin hori eginda, talde nagusira itzuliko da, batzuek eta besteek zer erabaki duten partekatzeko eta kausen eta ondorioen artean nolako erlazioa dagoena ikusteko.

Antolaketa

Arrantzarako “kanaberak” eta arraintxoak prest egon beharko dute jarduerari ekin baino lehen.
Kausak eta ondorioak arrainetan idatzita egongo dira. Arrainek kako txiki bat izango dute itsatsita, klipa bertan katigatuta arraina harrapatu ahal izateko.
Jarduera hasi baino lehen, arrainak harrapa daitezkeela egiaztatu beharko da, eta denak zirkuluetan sartzen direla. Zirkuluak kartoi mehe edo orri handi batean marraztuko ditugu.
Zeloa edo blue-tack erabiliko dugu arrainak zirkuluetan itsasteko, eta erantzun zuzenak paper batean idatzita eramango ditugu, taldea gidatzen joateko.

Jolas eremua

Lan aretoa.

Denbora

Ordu bat.

Materiala

Arrain itxuran ebakitako txartelak, bertan kasuak eta ondorioak idatzita.
Arrantzarako kanaberak: soka batetik zintzilik jarritako klip bat.
Zeloa edo blue-tack.
Zirkuluak marraztuta dituen orri edo kartoi mehe handi bat.

Aldaerak

Hiru neurriko arrainak egin daitezke: txikienak ondorioetarako, erdiko tamainakoak barneko kausetarako, eta handienak kanpoko kausetarako.
Zirkuluen edo barne eta kanpo kausen ordez, unean uneko egoerara hobeto egokitzen den irizpide bat erabil daiteke.

Gomendioak

Teknika hau gaia ondo aztertu ondoren aplikatzekoa da. Izan ere, analisian sakontzea du helburu, eta horretarako, parte hartzaileek ondo ezagutu behar dute gaia.
Jarduera behar bezala bideratzeko, komeni da koordinatzaileak aldez aurretik zertxobait ikertzea kausei eta ondorioei buruz; bestela, parte hartzaileekin batera egin daiteke prestaketa lana.

Ebaluazioa

Txartelak ondo sailkatu diren erreparatu.
Entzun parte hartzaileen argudioak, gaia zenbateraino barneratu duten neurtzeko.