Udalekuak 2020

Udalekuak 2020

BAREMAZIOAK

UDALEKUAK

Urtxintxan lanean gabiltza uda honetan ere ehunka haurrek aisialdi hezitzaile baten barnean jolasteko eta gozatzeko aukera izan dezaten. Baina Covid-19 pandemiak eragindako alerta egoera eta ondorengo jendarteratze baldintzak zeintzuk izango diren ez jakiteak zalantzak sortu ditu eta dizkigu, baita udako egitasmoei dagokionean ere: oraindik ez dakigu 2020 udan udalekuak egiteko aukerarik (baimenik) egongo den. Eta udalekuak egiten badira ere ez dakigu zein egitura eta forma izango duten.

 

Itxialdi luze honen ondoren haurrek izango dituzten beharrak asetzeko aisialdiak garrantzia izugarria izango du. Horren kontziente gara eta hori kontuan hartuta gabiltza lanean. Une honetan, Udal ezberdinek antolatzen dituzten udaleku irekietan lan egiteko hezitzaileen izen-emateak zabaltzea erabaki dugu. Gure helburua, udalekuak gauzatzen badira, bertan lan egingo lukeen hezitzaile taldea prest edukitzea da. Hala ere, azkenean udalekuak gauzatzeko modurik ez badago hezitzaile taldeak ere bertan behera geratuko liratekeela jakinarazi nahiko genizueke. Izan ere, argi baitugu udalekuak egingo badira guztion osasuna ziurtatzeko baldintzak betez egin behar ditugula.

Urtxintxak kudeatuko dituen udalekuetan hezitzaile moduan lan egin ahal izateko, lan eskaintzan izena eman beharra dago, hautaketa prozesu batean parte hartu beharko da. Lanerako hautatua izanez gero, udalekuaren formazio eta prestaketa saioari buruzko informazioa aurrerago zehaztuko da, egoeraren arabera.

LAN ESKAINTZETAN JARRAITU BEHARREKO PAUSOAK:

Hezitzaile hautagaien zerrendan izena emateko honakoa egin behar da:
1.- http://lanpoltsa.urtxintxa.eus estekan sartu. Norbere perfilean sartu eta bertako datuak berrituta daudela ziurtatu. Baremazioak datu horiekin egingo dira.
2.- Lan eskaintza aukeratu: Lan poltsa horretarako lan eskaintza atalean interesekoa zaizun / zaizkizun lan eskaintzak aukeratu.
3.- Hezitzaile zerrendak argitaratzean berriz ere hau bezalako mezu bat jasoko duzu, aukeraketak egin ditzazun.